Pedro Alberdi
Pedro Alberdi

"Ahanztura"

2020/05/09
Adituek behin eta berriz ohartarazten digute gaur egungo bizimoduak arlo batzuetan abiada eroa daramala, eta abiada hori gelditu edo moteldu ezik, ezin dugula gauza onik espero etorkizunetik. Eta gaitz horren adibide moduan, hedabideetako albisteen arintasuna aipatu ohi dute: gaur egundoko garrantzia duena bihar ez du inork gogoratzen. Albistea albistearen gainean, eta izugarrikeria izugarrikeriaren gainean, harritzeko gaitasuna galduz omen goaz.

Milan Kundera idazle txekiarrak esaldi borobil horietako bat utzi zigun: Boterearen aurkako borroka ahanzturaren aurkako borroka da. Eta eranskin gisa, beste honako hau: Ezkutatzea eta errudun sentitzea porrotaren lehen seinalea litzateke. Bazekien, bai, zertaz ari zen, hori zioenean, estalinismoaren diktadurapean bizi izandako eskritoreak!

Hiru hilabete dira Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran lanean desagertu zirela. Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan eta esan ari dira gobernua ahal den guztia egiten ari dela eta erreskate-langileek fin-fin dihardutela desagertuen bila. Bego eta bedi.

Halatan, bada, Alberto eta Joaquinen desagerpenak bere horretan dirau, eta hori ez da berria, ez da albistea, nahiz eta bidegabekeriaren tamainak orain arteko marka guztiak hautsi dituen: Nola da posible bi beharginen gorpuek oraindik zaborpean segitzea?

Bien bitartean, apirilaren 28an, aurtengo Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatu berri dugu. Zaldibarko zabortegian ospatu ere, haren sinbologia guztiarekin, eta honako lelopean: Lan Osasuna bermatu, bizitza defendatu. Badago, bai, zer bermatu eta zer defendatu, alajaina, laneko segurtasunaren esparruan! Baita zer salatu ere; OSALANen jarrera, adibidez. Izan ere, laneko segurtasun- eta osasun-politikak kudeatzea helburu duen erakundeak uko egin zion Alberto eta Joaquinen senideekin biltzeari, hondamendia gertatu ostean.

Otsailaren 6a gorriz markatua geratu da gure egutegian. Egun horretan hasi zen gure ahanzturaren aurkako borroka, eta horretan dihardugu gaur egun ere, hau da, Alberto eta Joaquinen desagerpena aldarrikatzen eta haien oroipena gorde eta iraunarazten.