Amagoia Gomez
Amagoia Gomez

"Amatasuna"

2019/03/07
Ama izan nintzenean Amagoia izateari utzi nion. Galdera guztiak ume jaioberriari zuzenduak zeuden: “ondo jaten al du? Lo egiten al du? Osasuntsu dago?”. Birkolokatze bat egin behar izan nuen neure buruan. Eta, ni, Amagoia, non nago? Nola nago? Ondo nago? Gure amonen eta amen eredua birplanteatzeko beharra sentitu nuen. Haiek beraien gurasoak, anai-arrebak, senarra, seme-alabak edota ilobak zaintzen pasatu dute bizitza osoa, beraien burua alde batera utziz. Askotan, gainera, ez zaie inolako aitortzarik egin eta esker onen zain geratu dira. Betiko. Haiek “nahi” zutelako jokatu zutela horrela esan ohi da, beraien “biharra” hori zelako. Eskerrik asko bihotzez, ama, ni hain ondo zaintzeagatik eta neure burua zaintzen erakusteagatik. Hala eta guztiz ere, emakume askok heredatutako patua jarraitu dute. Gaur egun, parkean gehienok emakumeak gara; beraien zaintza lanaz mintzo diren emakumeak. Nik hortik kanpo Amagoia sentitzen naizen lekuak topatzeko beharra izan dut. Ni neu naizen tokiak. Batukada Feminista, mendia, lagunak edota musika. Une horietan niri buruz hitz egiten dut. Nire beharrak asetzeko momentuak dira. Baina, horretarako lanketa bat egin behar izan dut, eta kritikak entzun. Gizonak BETI hartu izan ditu bere momentuak. Ez da horregatik inoiz epaitua izan. Emakumea, aldiz, beti dago jomugan. Martxoaren 8an, agertarazi ditzagun zaintzak plazara, eta borroka dezagun emakume guztiok munduan merezi dugun leku hori lortzeko. Garen hori zaindu eta maitatuko dugun tokia.