"Oporrak"
Egia esanda ordutik hona oso eskutitz gutxi jaso ditut eta bakanetan hartu dut hegazkina, batez ere oporretara joateko. Udarak Ondarroan, Zumaian, Lekeition edota Hondarribian pasatu ditut. Hondartzan. Familian. Gaur egun bidaiak beste era batera bizi ditugula iruditzen zait. Oporrak “kontsumitu” egiten ditugula. Janaria irensten dugun bezala. Garagardoak edaten ditugun bezala. Speed marra bat sartzen dugun bezala. Antsietatez. Korrika. Konpultsiboki. Telefono mugikorraren menpekotasun izugarriaz. Hori bai, elkarren berri berehala daukagu. Une oro partekatzen dugu egiten dugun guztia. Hobeto esanda, komeni zaigun guztia. Lagunekin, familiakoekin edota aurrez aurre ezagutzen ez ditugunekin. Munduari zabaltzen dizkiogu gure bizipenak. Gure istorioak argitaratzeak hobeto sentiaraziko baligu bezala edo norbaiten oniritzia bilatuko bagenu bezala. Bestalde, zenbat eta urrutiago bidaiatu, zoriontsuagoak gara. Aberatsak garela sinetsarazi digute eta umezurtz emozional bihurtu gara. Inoiz baino alaiago bizi gara baina suizidio saiakerak eta suizidio tasak gorantz doaz. Hurrengo oporretarako erronka: Soriara mugikor gabe edo Nokia 5110 batekin bidaiatzea. Badakit lagun bati asko gustatuko zaiola ideia hau, bere opor gustukoenak baitira. Miresten dut horrelako jendea. Txikitasuna handi bihurtzen duena eta altxor bat balitz moduan gordetzen duena.