“Asko dago jokoan!” (Malen Illarramendi)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Asko dago jokoan!” (Malen Illarramendi)
ETA KITTO 2020, Ira 14

Aurrekoan Olatz izeneko neska gazte baten kasu ezin latzagoaren berri izan nuen sare sozialen bitartez: koronabirusa dela-eta Osasun Sisteman dagoen protokoloari jarraituz, aurretik zuen dolentzia diagnostikatzeko probak atzeratu egin dizkiote hilabeteetan zehar. Orain, behingoz kasu egin diotenean, minbizia duela esan diote, eta, gainera, organo batean baino gehiagotan. Nola irentsi albistea? Nola barneratu aurretik kasu egin izan baliote, seguruen, kontua bestelakoa izan zitekeela? Nola egin aurre honi guzti honi hurbilekoen musurik eta besarkadarik jaso gabe? Badirudi esan eta esan zebilela ez zegoela ondo, baina entzun ere ez zioten egiten. Orain, aitzakia gisa, hain gaztea izanda, 26 urte baino ez ditu, ez zutela horrelakorik espero esan, eta kitto! Minbiziak adina kontuan izango balu bezala! Ez dakit zeinen erantzukizuna izango den gertatuakoa, baina Olatzen azalean jartzeak hotzikarak eragiten dizkit. Zoritxarrez, gertutik ezagutzen dut gaixotasuna. Gogorra da, berez. Are gogorragoa izan behar da hilabeteetan zain eduki zaituztenean ezer ez daukazula esanez, kexati hutsa zarela sentiaraziz, COVIDa lehentasuna dela argi utziz. Denok dakigu zein garrantzitsua den detekzio goiztiarra, batik bat minbiziaren kasuan. Zergatik ez zaio, orduan, kasurik egin? Argi dago aurre egin behar zaiola mundua hankaz gora jarri digun izurriteari, baina pertsonak garela ahaztu gabe. Asko dago jokoan!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »