“Behin haizeak eramandakoa…” (Olatz Etxeberria)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Behin haizeak eramandakoa…” (Olatz Etxeberria)
ETA KITTO 2020, Mar 13

Azkenengo haize boladek aldamioak lurrera bota dituzte. Ez da gurean izan, ez: Eibarren ez, baina bai oso gertu. Badirudi hemen gertatzen ez bada ez duela gugan eraginik edukiko horrelako gertakizun batek, baina eduki beharko luke, bai horixe.

Bada denbora kaleak aldamioz beteta ditugula, eraikinetako fatxadak berrizten dihardugulako, eta teilatuak ere konpontzen ari gara. Lan horietan sarritan gertatzen da, ia beti ez esateagatik, ez dagoela teknikari batek egindako memoria, proiektua edo zuzenketa.  Zuzenean bizilagunak izaten dira lanak adosten dituztenak, eta kontratatu eta konpondu egiten dituzte fatxada, teilatu edo behar dena. Horrek ez die babesa ematen bizilagunei, komenigarria da teknikari bat beti izatea eraikinetan egiten diren lanak zehazten, zuzendu eta ziurtatzeko.

Zenbat aldamio egongo dira gure herriko kaleetan teknikari baten zuzenketarik gabe? Zenbat obra daude eraikinetako kanpoko ataletan teknikari baten begirada izan gabe? Jakin behar da eraikinetako kanpoko aldean egiten diren lanek arrisku zuzena sortzen dutela herritarrengan, kalera zerbait jausteko arriskua dagoela. Horregatik izaten da gomendagarria teknikari baten zuzenketa izatea horrelakoetan. Ez badago aditurik obra horietan, nork emango ditu aginduak ezbeharrak gerta ez daitezen? Zelan saihestu daitezke bestela?

Askotan, naiz eta teknikari zuzendari bat izan obran, ezustekoak gerta daitezke; baina argi dago babestuagoa dagoela bai obra, bai eraikina, eta baita herritarrak ere aditu baten begiradapean egiten diren lanekin.

Jakizue bizilagunok zuen erantzukizun zuzena daukazuela eraikinetan egiten diren lanetan eta horien ondorioz gerta daitezkeen kalteetan ere, eta argi dago aditu baten eskutik bazoazte zerbait babestuagoak egongo zaretela.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »