Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Berdintasunetik hurbilago"

2019/03/16
Astebete beranduago bada ere, emakumearen egunari keinu bat egiteko aprobetxatu nahiko nuke, zientziaren aldetik. Horren harira, ikerlari bat marrazteko eskatuko banizue, nolakoa izango litzateke? Galdera hau ardatz hartuta, AEB-ko ikerketa talde batek, zientzian genero ikuspegiaren aldaketa aztertu nahi izan du, ume eta gazteen arteko pertzepzioak alderatuz denbora tarte luze bat kontuan izanik (Child Development, DOI: 10.1111/cdev.13039). Horretarako, 20860 marrazki bildu dituzte, 5 eta 18 urte bitarteko ume eta gazteetan, azken bost hamarkadetan zehar. Ikerketaren lehen datuak 60 eta 70. hamarkadetan jaso ziren. Marrazkietan emakumezko ikerlaria %0,6k soilik erakusten bazuen ere, azken hamarkadetan zehar kopurua handiagotuz joan da %28raino iritsiz. Hori horrela, zientzia gizonezkoekin lotzen duten estereotipoak ahulduz doazela ondorioztatu dute, emakumeen presentziaren igoerarekin noski, nahiz eta zientziaren arlo askotan ez nabaritu. Bestalde, umeen adina handitu ahala, gizonezkoen marrazki gehiago zenbatu dituzte (%80 inguru), orokorrean inguruko estereotipoek eraginda. Zoritxarrez, gizarteak gaur gaurkoz erakusten duen desoreka handia da eta, komunikabide zein elkarrekintza sozialetan.

Gurera itzuliz, Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioak kaleratu duen azken txostenean ikus dezakegu maila baxuetan berdintasunetik hurbil gauden arren, erantzukizun zientifiko handiko eta unibertsitateko postu gorenetako karguetan gizonezkoak aurkitzen direla, gehiengo batean. Arlo honetako genero-estereotipoei aurre egiteko, badira hainbat proiektu martxan gazteen artean eta bereziki neskei zuzenduak, bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzeko. Horietako bat, “Debabarrena STEM” izenekoa, Debegesa eta Elhuyarren arteko elkarlanean egin da. Honen bidez zientzian eta teknologian, emakumeak erreferente badirela ikusarazi nahi izan dute.

Izan ere, berdintasunera iristeko bidea eraikitzen dagoen gizarte honetan, aldaketak errotik hasi behar dira. Beraz, Martxoaren 8-tik haratago, jarrai dezagun egunez egun, emakumearen lana agerian jartzen, estereotipoak hautsiz, gazteen interes eta bokazioek mugarik izan ez dezaten.