Koldo Edorta Carranza
Koldo Edorta Carranza

"Bertoko zinema ur handitan"

2022/10/09
Zinemaldiak bizirik dirau 70 edizio eta gero. Esanguratsua aurtengo urteurrena, zazpigarren hamarkada ospatu baitu zazpigarren artearen bertoko erakusleihorik esanguratsuenak. Gainera, azkenaldiko osasun neurri bereziek gerriondoa estutzera behartu ostean, aktoreek beren jantzirik onenak erakutsi dizkigute alfonbra gorrian, maskara kenduta gehienek (edo bestelako maskara bat soinean, bederen).

Gure zinemagileek, bestalde, sasoi betean daudela frogatu dute, Oscarretan aurkezteko aukeratutako filmen artean Alauda Ruiz de Azua euskal sortzailea egon baita Cinco Lobitos pelikularekin, naiz eta azkenean Hollywoodera Carla Simonen Alcarràs joango den. Aipatu lana Mundakan eta Bakion ondu zen batik bat, gertuko kokapenak istorio on bat kontatzeko daukaten zilegitasunaren seinale. Dena den, karteldegiko tituluen artean badago atzerrian filmatutako bat: El Vasco, diasporaren eta Euskal Etxeen errealitatea fikzio bihurtzeko ahalegina. Harat-honat ibili da Moriarti hirukotea ere, Disney+ plataformarentzat Balenciagari buruzko telesaila prestatzen ari dira-eta. Paris, Toulouse eta Bordele bisitatu dituzte, besteak beste; iraupen laburreko ikus-entzunezkoak hemengo mugak gainditzen ari direla dirudi.

Laburbilduz, hirurogeita hamargarren Zinemaldi honek argi utzi digu euskal zinema eta zinemagileak nazioartekotzeko bidean daudela. Behingoagatik, beren erroak mantentzen dituztela dirudi, gure kultura lau haizetara zabaltzen ari baitira. Hala ere, ur handitan nabigatzeak badu bere arriskua, bidean nortasuna galtzea, alegia. Espero dugu tokiko sortzaileek euskara mundura jalgitea lortuko dutela iparra galdu barik.