“Buruhandia eta sorginak” (Koldo Edorta Carranza)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Buruhandia eta sorginak” (Koldo Edorta Carranza)
ETA KITTO 2021, Mar 19

Oraindik norbait jakinaren gainean ez badago, duela egun batzuk Eibarrekin lotura duten bi artistak garaikur bana eskuratu zuten Goya Sarietan: Maite Arroitajauregik eta Jone Laspiurrek. Gainera, sare sozialetan eta komunikabideetan birala egin zen Maitek berak eta bere lankide Aranzazu Callejak egindako aitorpen hitzaldi abestua, Akelarre pelikulako musikari eta emakumeen ahizpatasunari aipu egiten ziona. Izan ere, aurten %50era heldu dira sarietarako emakumezko hautagaiak martxoaren 8aren atarian ospatutako hitzorduan. Hala ere, Arroitajauregik igande honetan Coliseoko aurkezpenean adierazi zuenez, urte honetakoa ameskeria hutsa izan liteke, hurrengo ediziorako munta handiko produkzioen etorrera aurreikusten delako, eta ekoizpenotan gizonezkoak izan ohi direlako ‘’buruhandi’’ gehien lortzen dituztenak. Erraldoiei eta buruhandiei buruz aritzeak, bestalde, jai herrikoiak gogorarazten dizkigu, eta badaude hainbat ikus-entzunezko tradizioaren eta aniztasunaren arteko talkei buruzkoak: Black is Beltza, eta Alardea, esaterako. Esanguratsua ere bada lan hauek guztiak gizonezkoek zuzenduak izatea, parekidetasuna oraindik lortzeke dagoen seinale. Euskal zineman erraldoi beltzak eta sorginak behar ditugu, baina baita edukiok hezurmamitzeko askotariko ahotsak ere. Sortzaileen harrobia aberastea ezinbestekoa da ilusioa eta errealitatea uztartzeko, eta martxoaren 8a bezalako egunek fantasiazko Sabbataren kutsua ez izateko.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »