“Comusa” (Pedro Alberdi)

0    Iritzia 
CDwes76
“Comusa” (Pedro Alberdi)
ETA KITTO 2018, Urt 21

Eskuartean dudan argazkiaren arabera, Juan Atxotegi eta Alberto Zabala 1965-66 ikasturtean ezagutu nituen, Sagrado Corazoneko bigarren mailan, zortzina urte genituela. Biak ere eskolan ez ziren aurrenetakoak, baina futbolean bai, eta begiko nituen. Ikasgela barruan aparte samar bageunden ere, atsedenaldietan berehala juntatzen ginen atarian, baloiaren inguruan, futbolean egiteko. Artean udazkena zen, larunbat arratsaldea, eta futbolean geniharduen ikastetxeko patioan. Halako batean, ez dut gogoan zergatik, partidua bertan behera utzi, eta ez non eta ez han, kalean suertatu ginen hirurok, zer egin ez genekiela. Lehenengo, Isasiko zeharkalean behera, Alfara jaitsi, eta hango sarrera-pasabide nagusiko zoluan eserita, nor baino nor aritu ginen geure balentriak elkarri kontatzen. Hurrena, berriz, handik jaiki eta panparroikerian jarraitu genuen, Galerias-ko parkera iritsi artean. Han, laineza hartuta, neska-mutil bikoteak zelatatzen eta harritxintxarrak botatzen jardun genuen Dos de Mayora. Azkenean, arratsaldea aurrera eta gu gero eta kirtenago, ekintza bat proposatu nien neure lagun berriei: Comusara joatea lapurretan egitera. Adierazi nien gure etxean beti zegoela enkarguren bat egiteko eta erosketaren aitzakiarekin erraza izango zela zerbait lapurtzea. Nire adiskideek ez zuten txintik esan. Hartan, etxera joan, amarekin hitz egin, bizpahiru enkargu apuntatu, kapazoa hartu eta kalera irten nintzen ostera. Hirurok sartu ginen Comusako supermerkatura, han, eliza aurreko aldapan, gerora PCEren egoitza izango zen sotoan. Ekintza ondo atera zitzaigun. Gero, Bista Ederren, Montecasino tabernaren aurreko parke txikira joan eta elkarren artean banatu genituen litxarkeria ostu berriak. Gaur ez nago harro azio hartaz; bai, ordea, Juan eta Albertoren adiskidetasunaz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »