“Digitalizazio aroaren argi eta itzalak” (Jon Legarda)

0    Iritzia 
CDwes76
“Digitalizazio aroaren argi eta itzalak” (Jon Legarda)
ETA KITTO 2018, Ots 18

Nire lehenengo kolaborazio honetan Gauzen Internet-eri buruz (ingelesez Internet of Things edo IoT deritzona) jardungo dut. Azken aldian askotan entzuten ditugu horren ingurukoak (nik larregi ere bai) eta zer den eta zertarako argitzeko ahalegina egingo dut. Hasteko, kontzeptu horren azalpenaz baliatuko naiz beste kontzeptu teknologiko batzuk aurkezteko. Horrela, hurrengo kolaborazioetan azalduko dizuedan gauzei buruzko sarrera bihurtuko da idazki hau.

Internet kontzeptua ongi onartua daukagu aspalditik. Gure ordenagailuak, finkoak zein mugikorrak izan, bata bestearekin dihardute berba eta berba. Baina azken denboraldian ordenagailuak ez diren beste gauza batzuk ere ari gara Internetera konektatzen: adibidez, autoak, trenak edo zabor-edukiontziak. Gure bizitzan ohikoak diren gauza askok dihardute batbatean Internetera datuak bidaltzen. Printzipioz, guzti horren helburua gure bizitza hobetzea da, gure ingurumena zaintzea, edo gure enpresak aurreratzea. Edonork pentsa dezake errealitateari buruzko informazio gehiago izan ezkero, errealitate horren kudeaketa era hobeagoan egin daitekeela. Baina teorian hain erraz ulertzen den kontzeptua praktikan jartzea ez da hain erraza.

Alde batetik, informazioa nola irakurri eta bidali ez delako beti erraza, ezta merkea ere izaten: informazioak ez digulako edozein modutan balio, datuen maiztasuna ez delako nahikoa, edo beharrezkoa dugun fidagarritasuna ez delako behar bezain sendoa. Kasu askotan, edozein ordenagailurekin bezala, Internetera konektatuak dauden gauzek segurtasun arazoak eduki ditzakete, eta Cyber-segurtasun teknologien eskuetan jarri behar ditugu.

Beste alde batetik, informazio gehiegi jasotzen baldin badugu, gerta daiteke ezin kudeatzea behar den moduan egitea, eta izan dezakegun ondorioa izatea guk nahi genuen onura baino okerragoa. Horretarako BIG DATA deritzon teknologiak ari dira garatzen.

Behin datuak gure esku izan ondoren, ezagueran bihurtu behar ditugu; horretarako, inteligentzia artifizialaren teknikak erabiltzen dihardugu. Pentsa errealitatean ditugun informazio-iturri guztiekin, denak desberdinak izanda, eta gero eta gehiago edukita, errealitate horren ezaguera zehatzagoa izan daitekeela. Informazio-iturri hain desberdinak batera kudeatzeko behar ditugu teknologia sofistikatu horiek.

Ikusi dezakezue gaur egun hain modakoak diren teknologiak zelan dauden lotuta bata bestearekin. Ea gai naizen, hurrengo ataletan, adibide praktikoen bidez euren onurak eta arriskuak azaltzen.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »