“Distirarik gabeko izarra” (Malen Illarramendi)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Distirarik gabeko izarra” (Malen Illarramendi)
ETA KITTO 2020, Abe 07

Aurreko astean futbolari ospetsu baten heriotzak bete zituen hedabide guztietako lehen lerroak edota irudiak. Ordutik, mundu mailan izarra izandako futbolari argentinarraren gaineko goraipamenak etengabeak izan dira egunetan zehar: sartutako golak, egindako paseak, haren mugimendu azkarrak… Izena ez zitzaidan ezezaguna egiten, baina ez nuen aparteko informaziorik itxura baten hainbesterako izan zen kirolariaz; beraz, egiten ari zitzaion agurra ondo merezita izango zuela pentsatu nuen… Izaro Andres abeslariak Gaztea sariak ekitaldian saria jaso ondoren egindako diskurtsoa entzun nuen arte. Emakumeen indarkeriaren kontrako eguna zela aprobetxatuta, mallabitarrak ezin mezu zuzenagoa helarazi zigun: zeregin gutxi dugu emakumeok jipoitzen gaituena futbolari ospetsua denean.

Gerora jakin dut pila bat salaketa jarri direla hizpide dugun futbolariaren kontra genero-indarkeriagatik, baita pedofiliagatik ere. Hedabideetan, ordea, horren arrasto gutxi. Futbolaria eta pertsona bereizi behar direla horrelakoetan, horixe defendatzen du zenbaitek. Esaten ausartzea ere! Galde diezaietela haren tratu txarrak jasan zituzten emakume eta haurrei erasotzailea futbolaria ala haren atzean ezkutatzen zen gizona zen.

Gaur entzun dut emakumeen arteko futbol partida baten hildakoaren omenez minutu bateko isilunea gordetzeari uko egin diola futbolari gazte batek, eta lurrean eserita eta kamerari bizkar emanda igaro duela berak denbora tarte hori. Bejondeiola!

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »