Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Emakumeen ikusezintasuna"

2020/03/06
Ezagutzen duzue Yentl filma? Pelikula hori XX. mendearen hasieran dago kokatua, non goi mailako ikasketen aukera oraindik ez zen emakumeetan onartzen. Beraz, Yentl, emakume protagonista, gizonez mozorrotzen da ikasi ahal izateko. Zorionez horrelako oztopoak garaitu ditugu gaur egun. Hala ere, badaude beste asko oraindik ere eraitsi beharrekoak.

Filmaren izenean oinarritua, badago medikuntzan orain dela urte gutxitatik “Yentl sindromea” bezala ezagutzen dena, hau da, ikerketa medikoaren genero-arrakala. Atzera begira, ikerketa mediko eta entsegu klinikoetan emakumeen partehartzea baztertu egiten zen, haurdunaldian eragina izan zezaketela azalduz edo hilekoa eta aldaketa hormonalek esperimentazioko emaitzak asaldatzen zituztela argudiatuz. Ondorioz, gizona ikerketa klinikorako eredu egokiagoa kontsideratu izan da eta farmako ugari gizonezkoetan bakarrik frogatu izan dira. Pentsa dezakezue, gizon eta emakumeak orokorrean antzekoak garela eta jasaten ditugun gaixotasunak berdintsuak izaten direla, ezta? Orduan, non dago arazoa? Ba hortxe dago koxka, zehaztasunean aztertuta desberdintasun ugari ditugu, adibidez, organo, metabolismo, funtzio biologiko eta maila hormonalean. Horregatik, gaixotasun, tratamendu edo produktu kimikoek era desberdin batean eragin dezakete bi sexuetan. Hori dela eta, batez ere gizonetan aztertu diren gaixotasun edo tratamenduek emakumeetan sortzen dituzten sintoma asko ez dira egunerokotasunean identifikatzen, ezta hauen albo-kalteak kontuan izaten. Honen ondorioz, emakumeen osasunean desparekotasuna sortu da.

Arazoari izena jarri zitzaionetik komunitate mediko-zientifikoak aldaketa ugari burutu ditu, arlo honetan emakumeen ikusezintasuna murrizteko. Poliki-poliki badoa egoera aldatzen, askotan emakumeek beraiek burututako ikerketa ekintzen bidez. Jarraitu dezagun bada, ikerketa medikoa ere, genero ikuspegitik lantzen!