“Erantzukizun politikoa” (Pedro Alberdi)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Erantzukizun politikoa” (Pedro Alberdi)
ETA KITTO 2020, Eka 21

Hiztegiaren arabera, erantzukizuna eginbide edo obligazio bat da, erantzule izatetik datorrena; eta hala, obligazio hori betetzen duenaz pertsona arduratsua dela esaten dugu, eta hura betetzen ez duenaz, arduragabea, ganorabakoa edo txoropitoa. Hitza bera ez, baina kontzeptua oso zaharra da, betidanikoa, gizakia gizaki denez gerokoa.

Erantzukizun politikoa, ostera, oso lotuta dago gobernu-jarduera zuzenarekin, eta zuzentasun horrek esfortzu bikoitza eskatzen du: alde batetik, erabateko gardentasun, zorroztasun eta zehaztasunez jardutea, eta bestetik, irregulartasunik gertatuz gero, bizkortasunez, eraginkortasunez eta sendotasunez jokatzea; beste modura esanda, barkaezina litzatekeela kudeaketa publikoaren ardura duen pertsona bat kontrol-sistemez axolagabetzea edo erdipurdiko ikuskaritzak onartzea.

Guztiarekin, gurean ere txakurrak ortozik, eta ez dago Sherlock Holmes izan beharrik Zaldibarko zabortegian irregulartasunak izan direla baieztatzeko. Egindako okerraren emaitza lazgarria da oso: inoizko ingurumen-katastroferik larriena, eta bi behargin, Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran, lau hilabete baino gehiagoz desagerturik. Haien gorpuak, halere, ozenki mintzo dira zabor azpitik, eta akats handiak salatzen dituzte hondamendiaren kudeaketan; besteak beste, erantzukizun politikorik eza.

Beste modura jokatzen zuten, alajaina, lehengo buruzagi jeltzale eta sozialistek! Toribio Etxebarria, esaterako, 1934ko urriaren 5eko arratsaldean, Eibarren matxinatutakoen ordezkari, bandera zuri bat hartu, eta goardizibilen koartelera joan zen errenditzera, PSOEk piztutako iraultzak –piztu bezain laster amatatua– porrot egin zuela egiaztatu ostean. Juan Ajuriagerra, berriz, PNVko agintari goren, 1937ko abuztuaren 23an, Biarritzen hegazkina hartu, Laredoko hondartzan lurreratu, eta Euzko Gudarostearen buru jarri zen, euskotarrak italiarrei errenditu zitzaizkienean.

Haiek ez ziren ezkutatu, ezta ihes egin ere; aitzitik, aurpegia eman zuten, eta euren karguaren erantzukizunari eutsi. Biek ere larrutik ordaindu zuten kolektiboarekiko atxikimendua, –atxilotuak ez ezik, heriotza-zigorrera kondenatuak izan ziren–, baina hori beste kontakizun bat da. Hitz gutxitan: buruzagi haiek etika bat zuten, jendartearekiko konpromisoan oinarritutako etika bat; egungo zenbait agintarik, aldiz, ez dute erakusten jubilatu batek baino ardura handiagorik lanarekin.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »