Amagoia Gomez
Amagoia Gomez

"Erronka polita"

2018/12/10
Aiton-amonen gerra eta gerra osteko miseria garaietatik, seme-alaben gehiegizko kontsumora pasatu gara, konturatu barik kasik. Etxea tresna elektrikoz bete zaigu (telebista bakarra ez da nahikoa, mugikorrak, robot-aspiragailua, hortzetako eskuilak, portatila, tableta, termomixa…); urtaro bakoitzean modan dagoen erropa berria erosten dugu (ahalik eta merkeena,  auskalo non/nola fabrikatua baina merkea); plastikoz jositako  produktuak ekoiztu eta kontsumitzen ditugu (dosi txikietan plastifikatuta datozen xaboiak, gailetak, barazkiak, fruitak…). Eta zer esanik ez gure elikadura ohiturei buruz, denetatik jateaz gain (auskalo nondik datorren koko ekologikoa barne), janaria inolako kontrolik gabe ahoratzen dugu. Hori bai, gure kostaldea zikinkeriaz beteta dagoela ikusten dugunean, denok haserretzen gara. Nork bota du hori guztia itsasora? Ze lotsagabek egin du hori? Ba guk geuk jaun andreok. Dena masiboki ekoiztuz eta masiboki kontsumituz. Hau al da politikariek hainbeste aipatzen duten garapen jasangarria? Jasangarria norentzat? Lur planetarentzat ez behintzat. Garapen iraunkorrerako Agenda 2030 deritzon akordioan munduko liderrek 2030. urterako dituzten helburuak azaltzen dira, besteak beste munduan dagoen pobrezia eta gosearen amaiera (nekazaritza iraunkorra), herrialde guztietan uraren saneamendua bermatzea, itsasoa zaintzea, basoen erabilera iraunkorra izatea, biodibertsitatearen galera murriztea, bakea herrialde guztietan, lan duina denontzat, genero berdintasuna, energia jasangarria eta aldaketa klimatikoaren aurkako neurriak hartzea. Erronka polita, ezta? Ba nik neuk zoritxarrez oso konfidantza gutxi daukat politikariengan eta, beraz, egunerokotasunean gauza txikiak egiten hasiko naizela erabaki dut. Eta zu, animatzen zara?