“Esaera zaharrak, hasiera berriak” (Izaro Apraiz)

0    Iritzia 
CDwes76
“Esaera zaharrak, hasiera berriak” (Izaro Apraiz)
ETA KITTO 2019, Urt 27

“Egon hadi lo eta jango dun/k mehe” dio esaera zaharrak. Batzuetan erronka berriek, etorkizunarekiko ezjakinak, ezezagunarekiko beldurrak geldiarazten gaitu, izozten gaitu, erreakzionatzen eta erabakiak hartzen utzi gabe. Gaur egungo gizarte konpetitibo honetan, ezin lokartu, atzetik datozkigu eta guk hartu ez ditugun erabakiak hartzeko prest dauden infinitu hautagai.

Ez ahaztu, “gogoa den tokian, aldaparik ez”. Momenturen batean, txikia bada ere, indar izpi bat sentitzen baduzu, eutsi horri indarrez eta gogoratu “beldur denaren ezpatak punta motz” duela.

“Ez dun/k larrosik arantzarik gabe” eta ez dira bide guztiak ibiltzeko errazak izango. Hasiera berri guztiek eskatzen dute ahalegina, ausardia eta batzuetan sakrifizioa. “Garaipena, neke askoren ondorena” dela diotenek badakitelako ez dagoela malda luze bat igo eta gerokoa baino tontor gozoagorik.

“Inor ez da ikasia jaiotzen”, hau bai hau benetako egia! Bizitzako fase berri baten aurrean parez pare aurkitzen garenean, zenbat galdera izaten ditugu buruan? Zenbat duda? Ze konfiantza falta gure gaitasunengan? “Eroriz ikasten da oinez” eta hanka sartzen ere asko ikasten da, batez ere nork bere buruari buruz.

“Ametsa gogoaren igandea” bada, eta astelehen luze batean sentitzen baduzu zure burua, ez ahaztu ez zaudela bakarrik aurrean duzun bidearen atarian eta, nik bezala, badituzula ondoan orduak zurekin gainditzeko prest dauden lagunak. “Adiskide onekin, egunak labur” direnez, astelehenak igande bihurtuko zaizkizu konturatu orduko.

Hasiera berriak gogorrak dira bai, baina badute bere alde polita. Ikasi, deskubritu, eraiki, ibili eta gozatzen da behin aurrerako bidea hartzea erabakitzen dugunean. Eta erronka berri horri gozotasuna bilatzen diogun bitartean “zer egingo diagu ba? Hil arte bizi”.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »