“Estereotipoak” (Amagoia Gomez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Estereotipoak” (Amagoia Gomez)
ETA KITTO 2021, Mar 15

Gezurra dirudien arren, XXI. mendean gaude eta oraindik ere inolako ezagutzarik gabe epaitzen dugu askotan, gehienetan, beti. Badirudi gure geneetan dagoela ondokoa kritikatzea eta bere gainetik jartzea. Ingurukoen itxurari, bizitzari edota jarrerari buruz hitz egiten disfrutatzen dugu. Gainera gaur egungo egoerak gure jokaera hau areagotu egin du inolako zalantzarik gabe. Aurreiritzi pilo bat dauzkagu (Einsteinek zioen bezala, lehenago desintegratuko da atomo bat, aurreiritzi bat baino) eta jarrera diskriminatzaile ugari. Diskriminazioak gainera, pertsonak gaizki tratatzea dakar. “Trajedun pertsonak konfidantzazkoak, fidagarriak eta langileak dira”. “Nerabeak axolagabeak dira”. “Etorkinak ezjakinak eta alfer hutsak dira”. “Tatuajedunak makarra batzuk dira”. Mila adibide. Mila istorio. Milaka aurreiritzi eta epaiketa. Gauzak honela, trajedunak oso ongi tratatzen ditugu eta nerabeak edota etorkinak ez hain ongi. Dut-ekoek esaten zuten bezala, “Itxura faltsuak! Itxuren munduan, egia galdu da”.

“Emakumeek ez dute kotxeak konpontzeko gaitasunik”. “Zientzialaria izateko oso azkarra izan behar zara”. Ateak itxi dizkigute eta beldurra sortu. Gai ez ginela sinestarazi digute. Etengabe. Urte askotan zehar. Mundua ongi hezitako gizon zuri gazte eta trajedunena zela pentsarazi digute. Hamaika urte eman nituen nik unibertsitatean. Hamaika. Zientzialaria izateko nire ametsa lortu nuen arte. Bizitza hori ez zela nik amestutakoa konturatu nintzen arte. Hala eta guztiz ere, ez nuke ezer aldatuko. Gaur egun naizena izateko balio izan dit bidean bizitakoak. Nire gomendioa emango dizut, behar izatekotan, hartzeko. Izan zaitez sentitzen duzuna, zuk NAHI duzuna. Estereotipoak eta aurreiritziak apurtuz.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »