Olatz Etxeberria
Olatz Etxeberria

"Etxebizitza erosi aurretik egin beharko genukeena"

2020/12/09
Etxebizitza erosi baino lehen gomendagarria da teknikari baten aholkua jasotzea. Zertan lagundu dezake teknikariak? Batez ere, etxea zurea denean ezustekorik ez edukitzen. Baina, zelako sorpresak izan ditzakegu ilusioz erosten den zerbaitetan? Bada, lehendabiziko gauza da ezin dela hainbeste balio duen zerbait aditu baten gomendiorik gabe erosi. Zenbat urte pasatzen ditugu etxea ordaintzen? 25? 30? Eta ez dugu aholkurik eskatzen? Eta bigarren eskuko kotxe bat erosi aurretik mekanikari baten iritzia eskatzen dugu? Edo ez da hala? Bada, barkatu baina ez du zentzurik, ez dut ezer ulertzen.

Beste herrialde batzuetan ezinbestekoa da eraikin baten jabetza izenez aldatu aurretik teknikari baten txostena izatea; gurean oraindik ez gabiltza horretan, baina helduko zaigu.

Teknikari baten laguntza edukitzeak, lasaitasuna emateaz gain, beste onura asko dakartza, horien artean batzuk aipatzeagatik:
-    Ikusezinak diren arazoak antzematen ditu.
-     Eraikinak hirigintzako araudiak betetzen dituen edo ez aztertu dezake. Ordenamenduz kanpo dagoen edo ez jakin.
-     Teilatua, egitura, fatxada eta, orokorrean, estalkia, zelan dagoen ikusi dezake. Agian zerbait konpondu beharko litzaioke eta konponketak zenbat balio duen lagungarria izan daiteke etxearen prezioa saltzailearekin adosteko, murrizteko… Nork daki.
-    Etxearen diseinu berria landu dezake, aukera ezberdinekin. Batzuetan pentsatzen dugu sukaldea tokiz aldatu daitekeela, eta gero ur- eta saneamendu-hodiak direla-eta ezin da tokiz mugitu… Hori ezustekoa izan daiteke behin etxea zurea denean.
-     Leihoen isolamendua aztertu dezake, baita galgara eta paretena ere.
-     Egurrezko etxeetan, berriz, egurrak intsekturen baten kaltea duen ikusi dezake; horrek luzera begira arazoak sortzen ditu-eta.