Arantza Alvarez
Arantza Alvarez

"Feminismoa"

2017/03/17
Feminismoari buruz hitz egiten denean erantzun negatibo nabarmena gertatzen da: berdintasunaren alde daudela esaten duten zenbait emakumek, aldi berean, feministak ez direla baieztatzen dute, zerbait negatiboa izango balitz bezala. Eta gizon batzuk defentsiban jartzen dira, automatikoki erasotuak sentitzen direlako.
Uste dut korronte ideologiko gutxik –edo bat berak ere ez– jasan dutela Feminismoak sufritu duen eraso eta desprestigioa. Jende askok hitzaren esanahia nahastu egiten du eta matxismoaren pareko negatibitatea egokitzen dio.
Feminismoa: Sexuen arteko Eskubideen eta Aukeren Berdintasunaren alde borrokatzen duen ideologia. Diskriminazio Ezaren alde borrokatzen du.
Feminismoa Patriarkatuaren aurka dago; bere helburua patriarkatua desagertzea da. Feminismoa ez da Gizarteari buelta eman eta emakumea boterean eta gizona menpekotasun egoeran jarri nahi duen borroka. Sexu, arraza edo maila ekonomiko-soziala dela eta, batzuk besteen gain dituzten pribilegioekin amaitzearen aldeko borroka da.  Patriarkatuak ez ditu emakumeak bakarrik menderatzen. Batipat emakumeoi eragiten badigu ere, gainera gizakien arteko gizarte desberdintasuna sendotzen du.
Sexuaren araberako rol zorrotzak betikotu egiten ditu: emakumea bazara konplazientea eta otzana izan behar duzu; eta gizona bazara, ausarta eta gogorra, taldeko alfa matxoa edo ar nagusia. Feminismoak emakumeei zein gizonei enkortsetaturik bizitzea eragiten diguten rolen aurka egiten du borroka. Patriarkatuak ez du ahalbidetzen Ferminitate desberdinak garatzea, emakume izateko modu desberdinak izatea, Maskulinitate desberdinak, hots, munduan gizon izateko dauden modu desberdinak ukatzen dituen bezala. Eta horri ere egiten dio aurre Feminismoak.
Ez, feministak ez gara etsaiak; gizarte patriarkala da etsaia. Denontzat.