Amagoia Gomez
Amagoia Gomez

"Hausnarketa xume bat"

2020/05/02
Zaila suertatzen da beste gai bati buruz hitz egitea edota idaztea. Oso zaila. Ezinezkoa, esango nuke. Birus batek gizarteko zutabe nagusiak kolokan jarri ditu, gure eguneroko guztia hankaz gora ipiniz. Orain, lau pareten artean egotera derrigortuta gaude. Eta, gainera, ahalik eta isilen. Badirudi, kexatzeko aukerarik ere ez daukagula. Bakoitza bere etxean sartu, eta bere mundua babestu nahian dago, bere mikro ekosisteman birusa sartu ez dadin.

Haurrak dituztenek nahikoa lan eskolatik bidalitako zereginak egiten eta umeak pantailetatik at ateratzeko ekintzak prestatzen; beste batzuk etxetik, ahal duten heinean, lanean; beste asko lantegietan, ospitaletan, dendetan edota guretzako paketeak garraiatzen. Pertsona nagusiak, aldiz, beldurturik, baina zarata gehiegi atera gabe, badaezpada. Eta hobe ez pentsatzea tratu txarrak jasaten ari diren emakumeetan edota herrialde pobreetan bizi direnetan.

Hau da, birusak gure bizitzan ahalik eta eragin gutxien eduki dezan saiatzen ari gara eta normaltasunera bueltatzean ere, hala nahiko dugu. Denak berdin jarraitzea. Inolako aldaketarik gabe. Bakoitzak bere eremua zaintzen jarraituko du. Inoiz baino sutsuago norberaren ongizatearengatik borrokatuz. Darwinen arabera, inguruneko aldaketetara hobekien moldatuta dagoenak bizirauteko aukera gehiago ditu. Gizakiaren kasuan, gaur egun, teoria horrek lotura zuzena du aberastasunarekin.

Gero eta diru gehiago izan, aukera gehiago  bizirauteko. Kapitala da gizarteko zutabe nagusiena. Horretan oinarritu ditugu gure bizitza, bizimodua, pentsaera eta jokaerak. Darwinen teorian, aldiz, hautespena naturak egiten du. Ezinbestekoa da natura eta gizartearen arteko oreka mantentzea bizirik irauteko. Eta guk ez dugu premisa hori bete. Munduko aberastasun guztiak ere, ezin izan du eta ezingo du, inoiz, hori aldatu. Birus batek gizarteko zutabe nagusiak kolokan jarri ditu; zutabeek ez zituztelako naturaren legeak betetzen.