Lorea Arakistain
Lorea Arakistain

"Herentzia digitala"

2019/02/24
Lagun bati senitarteko bat hil zaio berriki. Senitartekoak, adinagatik, ez zuen bere asteburuaren kronika Instagramera igoko, lagunei kontatuko zien kafearen bueltan. Familiako argazkiak ez zituen Google Photosen gordeko, etxeko apaletan pilatutako albumetan baizik. Ez zuen Netflix harpidetzarik izango, La 1 ikusiko zuen bazkalostean. Erosteko ez zuen PayPal erabiliko, herriko dendetan erosiko zuen eskudirutan; eta, kriptomonetak zer zirenik ere ez zuen jakingo.

Kontua da lagun honi galera honek herentziaren -batez ere digitalaren- kezka piztu diola, kezka pertsonala ziurrenean.
Bada, zer gertatzen da gure profil eta eduki digitalekin hiltzen garenean?

Hasiera batean, ezer ez. Bizitza digitalak aurrera jarraitzen du, eta erabiltzailearen profilek eta kontuek -eta horietan gorde dituen datu, eduki, mezu eta txanponek- haien bidea egiten jarraituko dute. Postontzietara mezuak iritsiko dira, harpidetzek aktibo jarraituko dute eta argitalpenek online. Harik eta senitartekoek hildakoaren herentzia digitala antolatzearen ardura hartzen duten arte.

Hil aurretik hil ondorengoa aurreikusiz gero egoera desatseginak saihestu daitezke. Ez zaizue gertatu sare sozial batek hilda dagoen pertsona bat lagun gisa gomendatzea?

Dolua ez ezik, kudeaketa ere erraztu dezake herentzia digitala antolatzeak. Hasteko, pasahitzak. Zenbat pasahitz kudeatzen ditu gutako bakoitzak? Horiek guztiak pasahitz kudeatzaile batean bildu eta pasahitz nagusia testamentuan, notario aurrean edo kutxa gotor batean jaso eta arduradun bat izendatzea komeni da.

Horrez gain, zerbitzu eta profil bakoitzarekin zer egin zehaztu beharko genuke. Baita baliodun ondarea -izan argazkiak ala bitcoinak- nori uzten diogun adierazi ere. Milioika euro dira, pasahitz baten gatibu, sarean jaberik gabe geratu diren kriptomonetak.