“Ipuinaren amaiera” (Amagoia Gomez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Ipuinaren amaiera” (Amagoia Gomez)
ETA KITTO 2021, Uzt 19

Oraingo honetan kondaira batekin natorkizue. Ipuin berezi bat kontatuko dizuet. Gu guztion kondaira. Hasiera jadanik idatzia dago, baina amaiera guk asmatu behar dugu. Elkarrekin. Bukaera amankomun bat. Guztiontzat berdina izango dena. Ezbairik gabekoa. Istorio hau aspaldi hasitakoa da. Duela 3.800 milioi urte gutxi gorabehera. Garai hartan Lur planetan lehenengo bakterioak sortu ziren eta bertako organismo nagusiak izan ziren. Lasai, gustora bizi izan ziren bertan. Ondoren gertatutakoa imaginatzea ez zait batere erraza suertatzen baina liluragarria iruditzen zait. Ikusgarria. Pentsaezina. Zelulak nola joan ziren elkartuz, antolatuz, bizitza eredu konplexuagoak eratuz. Ia ausaz, gaur egun ezagutzen ditugun izaki bizidun guztiak sortuz. Poliki. Pazientziaz. Bide honetan, duela 7 milioi urte, lehenengo gizakia sortu zen. Eta ondoren, Lur planetaren historiaren azkenengo segundoan, Homo sapiens espezieko lehenengo gizakia jaio zen. Gu geu, alegia. Oso denbora gutxi daramagu hemen. Eta, gainera, opari bat da gu bertan egotea. Imaginaezina. Zoragarria. Aukera bat. Aukera bakarra. Naturarekin harmonian bizitzeko parada. Aukera hori gaizki erabiltzen ari gara, ordea. Oso gaizki. Garapenaren eta gure ongizatearen aitzakiaz, gure gizartea Lurra suntsitzen ari den sistema batean oinarritu dugu. Dirua naturaren zaintzaren gainetik jartzen duen eredu batean errotu gara. Sustraitu. Ipuin hau duela milioika urte hasi zen baina amaiera oraindik idatzi gabe dago. Azkenengo urte hau amesgaizto bat izan da askorentzat. Ba, inflexio puntu bat izan dadila. Hausnarketarako momentua. Gure kontsumo ohiturak aldatzeko unea. Gure basoen kudeaketa jasangarria sustatzeko abagunea. Ipuinaren amaiera guk asmatu behar dugu. Denok elkarrekin. Aukera bakarra dugu, aprobetxatu dezagun.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »