“Joan zaigu kapitaina” (Pedro Alberdi)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Joan zaigu kapitaina” (Pedro Alberdi)
ETA KITTO 2020, Urr 05

Aste honetan hil da Iñaki Azpiri, gure kapitaina. Aspaldiko kontuak dira, baina arrastoa uzten dutenak.
Orain berrogeita hamar urte, 1970-71 denboraldiaren hasieran, hamahiru eta hamalau urteko mutil koskorrak ginen, eta ez genuen buruan futbola beste kezkarik.

Haurrentzako Espainiako Txapelketa Nazionala lehiaketa berri samarra zen, eta esango nuke lehen aldia izan zela Txantxazelaiko selekzio batek bertan parte-hartzen zuena. Kontua da, azkar eta labur esanda, Espainiako zortzi onenen artean sailkatzea lortu genuela. Horretarako, aurrena, Deba arroako eskualde-ligaxka irabazi behar izan genuen, Errota Zar-eko zelai erdiaren zabaleran jokatuta, eta hurrena, zenbait kanporaketa gainditu behar izan genituen; final laurdenetakoa, esaterako, Ipuruan, eta argi elektrikoarekin.

Azkenengo fasea Tenerifen jokatu zen, 1971ko maiatzean. Hara aurretik, Galerias Preciadosek jantzi oso bana (prakak, elastikoa eta jaka) oparitu zigun, hegazkinean-eta denok berdin jantzita ibil gintezen, goi-mailako futbolarien antzera.

Talde haren bizkarrezurra dagoeneko desagertua da gure artetik, baina ez gure gogo-bihotzetatik. Lehenengo, Benantxo Rekalde erdilaria joan zen; hurrengo, Alberto Albistegi entrenatzailea; eta berriki, Iñaki Azpiri kapitaina.

Iñakik berezkoa zuen kapitain izaera. Hasiera-hasieratik ohartua zen ume mokoz osatutako talde bat ginela eta, aurrera egingo bagenuen, ardura hartu beharra zegoela, bestela jai geneukala. Arduradun petoa zen. Ez zuen kargua sekula bere mesedetan erabili; are gutxiago, inoren kaltetan.

Gorpuzkerak ere asko lagundu zion eginkizun hartan; batetik, oso altua zen, eta burua ateratzen zigun, gutxienez, gainerako guztioi; eta bestetik, oso rubioa, eta ematen zuen ez zuela inoiz plater bat apurtu.
Tenerifeko bigarren partiduan 2-1 galdu genuen At. Madrilen aurka, eta emaitza horrek finalerako atea itxi zigun. Gero, partiduaren ostean, autobus berean itzuli ginen jokalari guztiok. Madrildarrak, irabazi arren, isilik; gu, berriz, galdu arren, gure kapitainaren gidaritzapean, eztarriak urratu beharrean kantari: “Aurrera beti, beti aurrera”, “Geuria da, eta geuria da”, eta abar.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »