“Julen” (Unai Artetxe)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Julen” (Unai Artetxe)
ETA KITTO 2019, Mar 11

Gizartea gaixo dago. Oso. Iruditzen zait gizakiok ez garela oraindik gaixotasunaren larritasunarekin jabetu, baina ni arduratuta nago, eta zalantza dut honek guztiak atzera-bueltarik duen.  Julen. Julen txikia gosaltzeko, bazkaltzeko eta afaltzeko. Julen koitadua hamaiketako garaian eta askarian. Julen. Julen, Julen.

Ume baten heriotzarekin sortutako espektakulu mediatikoa komunikabideen errua omen da, ez beste inorena. Halakoetan, gizakiok gizaki izanik, nahiago izaten dugu beste alde batera begiratu. Errazagoa delako norberari baino beste bati errua leporatu. Samurragoa delako norberaren zinismoa beste baten bizkar gainean jartzea. Oro har, ustez etsai faktikoen aurka egiteak barruak asetzen digulako.

Azken urteotan komunikazio bide berriak sortu dira. Hor daude sare sozialak, mezuak bidaltzeko aplikazioak, etabar. Eta horiek guztiak Komunikazioaren demokratizazioa ekarri behar bazuten ere, ez zait iruditzen horrela izan denik. Komunikabide gehienek Julen txikiaren heriotzarekin izandako jarrera sentsazionalista sare sozialetan norbanako askok eta askok izan dute.

Gizartea gaixo dago, eta iruditzen zait komunikabideez haratago doala, sare sozialetan irakurri daitezkeenak ere ez dutelako esperantza handiegirik ematen. Komunikazio bide berriak bai, baina zertarako? Gizartea sendatuko duen medikua da behar duguna.

Gizakiok gustokoa dugu morboa. Aldemenekoak zer egiten duen jakin nahi dugu. Alboan duguna gu baino hobeto bizi ez dela. Aurkakoa esango dugu, baina gaixo gaude, eta ez dago hori sendatuko duen ez txerto ez pilula ez homeopatiarik.

Tamalez, izango ditugu aurrerantzean beste Julen batzuk. Ea ordurako zerbait ikasi dugun.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »