Malen Illarramendi
Malen Illarramendi

"Kaiolan preso"

2020/05/02
Orain bi hilabete esan izan baligute etxetik irten ezinda egongo ginela hain denbora luzean, inork ez zuen sinetsiko; are gehiago, barre egingo genuen eta gure ametsgaiztorik handienean ere ez genuen imaginatuko bizi dugun itxialdia. Baina, zer diren  gauzak! Hemen gaude, etxeko lau hormen artean, aginduak betetzen, kalera irteteko baimena noiz emango zain. Hala ere, esan ohi den bezala, ez da gaitzik onik ez dakarrenik. Berrogeialdi honek ere emango ahal digu zer pentsatua eta ikasbidea ekarriko! Ikasiko ote dugu azalekoa zer den eta zer benetan garrantzitsua? Baiezkoan nago. Izan ere, zeinek esan behar zigun lehen baloratzen ez genituen muxuak eta besarkadak altxor bilakatuko zitzaizkigula? Askotan gogo barik egiten genuen mendi buelta oparirik preziatuena  bihurtuko zitzaigula? Ondoan izaten ohituta geunden lagunen hutsunea hainbeste  sumatuko genuela?

"Ateak" ireki bitartean, dena dela, goza dezagun gure bizimodu azkar eta zoroak lapurtzen digun denboraz, maite ditzagun etxekoak, ezagutu dezagun geure burua hobeto, hausnartu dezagun hemendik aurrera zer nahi dugun eta zer ez. Seguru nago honek guztiak orain artekoa eta hemendik aurrerakoa bereiziko dituela, eman eta jasotako muxuek beste kolore bat izango dutela, besarkadak estuagoak izango direla, eta benetakoagoak. Txoria kaiolan nola, hala sentitzen gara; hegoak moztu dizkigute bolada batez, baina libre hegan egiteko egun bat gutxiago falta zaigu. Eutsi! Eguna iristen denerako, hegaldi on!