Malen Illarramendi
"Lagunmina etxean ahaztuta"
2019/11/27
Gaur goizean lo hartu dut. Eguna horrela hasteak berarekin dakarren zurrunbilo sentsazioari ahal izan dudan moduan aurre egin eta ziztu bizian eta erdixka egin ditut egunerokoak: dutxa hartu, gosaldu, prestatu, eta kotxerantz abiatu naiz. “Apur bat berandu nabil, baina iritsiko naiz lanera”, esan diot neure buruari egoera kontrolatu nahian. Gidatzen hasi, musika jarri eta orduantxe lasaitu naiz, Izaroren “La felicidad” abestiaren doinuetan murgilduta. Gutxi iraun dit lasaitasun horrek, ordea. Bat-batean izuak hartu nau. Izerditan eta dardarka, alde guztietara begira hasi naiz. Eskuak poltsikoetan sartu eta ezer ez; poltsan begiratu eta han ere ez; ez dut nire gorputzetik aparteko dardararik sentitu, eta horrek arnasa estutu dit. Begiradarekin kotxea goitik behera miatu eta arrastorik ez. Ni, gero eta urduriago; gero eta blokeatuago. Eguna alperrik galduta ikusi dut minutu gutxi batzuetan, neure burua bezala. Ez naiz ezertarako gauza sentitu; ez dut egunari aurre egiteko modurik ikusi. Nireak egin du! Ezingo dut eguneko irudirik partekatu; ezta lagunekin txutxu-mutxuka jardun ere; ez dut etxekoekin harremanetan jartzeko modurik izango, mutil-lagunarekin ere ez. Nola begiratuko dut ze eguraldi egingo duen zapatuan, plan bat edo beste egiteko? Nola jakingo dut Amazoneko paketea non dabilen? Ez dakit nola, baina iritsi naiz lantokira. Aparkatu eta kotxetik irten naiz, etsita. Arnasa sakon hartu eta, egunari mugikorrik gabe nola heldu asmatu ezinda nenbilela, bake, liberazio eta askatasun sentsazioa sentitu dut, aspaldi ez bezala.