“Koloreen bidez jatorria asmatzen” (Iraia Muñoa)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Koloreen bidez jatorria asmatzen” (Iraia Muñoa)
ETA KITTO 2019, Urr 09

Gure ingurua kolore ezberdinez osatuta dagoen neurrian, guk ere koloreak hautatzen ditugu, gure janzkeran edota inguruko objektuetan. Koloreen aukeraketa oso gutxitan gertatzen da zoriz. Batzuetan, bakoitzaren gustuaren araberakoa izaten da; eta beste batzuetan, koloreek sortzen duten emozioaren araberakoa izan daiteke. Izan ere, aspalditik koloreak emozioekin lotu izan dira, baina pertsona bakoitzak lotura zehatz hori nola sortzen duen ez da asko aztertu.

Horren harira, aurreko astean jakin izan genuen Suitzako ikerketa talde bat lotura horiek argitzen ahalegindu dela. Horretarako burututako ikerketan, lau herrialdetako (Txina, Alemania, Grezia eta Erresuma Batua) 711 partehartzailek 12 kolore 20 emoziorekin lotu behar izan zituzten zenbait galdetegiren bidez. Bertako emaitzak ikasketa automatikoarekin sortutako algoritmo informatikoekin aztertu ziren. Hau da, lehenengo kolore eta emozioen arteko loturak zehaztu ziren eta, ondoren, horiek herrialdeekiko espezifikoak ziren edo ez identifikatu ziren. Orokorrean kolore “beltza” tristurarekin erlazionatu zen lau herrialdeetan, eta “gorria”, berriz, amodioa/plazerra edo amorrua/gorrotoa bezalako emozioekin. Bestalde, jatorri kulturalaren araberakoak ziren zenbait ezberdintasun identifikatu ziren: alemaniarrek kolore “marroia” atsekabearekin lotu zuten, greziarrek “morea” tristurarekin eta txinatarrek “zuria” emozio negatiboekin. Ondorioz, algoritmo informatikoek, koloreen eta emozioen loturetatik abiatuz, parte-hartzaile bakoitzaren jatorria aurreikusteko gaitasuna garatu zuten, %80ko efizientziarekin.

Ikasketa automatikoaren programa informatikoa emozioen arloan erabiltzen den lehenengo aldia da eta, besteak beste, emozioen eta horien ondorioz sortzen diren erantzun fisiologikoen arteko loturak aztertzeko lan tresna bezala erabili ahal izango da aurrerantzean.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »