Amagoia Gomez
Amagoia Gomez

"Nork ez du maite askatasuna?"

2022/11/03
Igandea da. Goizeko zazpiak. Azitaingo gasolindegira dator Ainhoa nire bila. Oinez noa. Bidean jendea balantzaka. Atzo Sagardo Eguna ospatu zen Eibarren eta antza sagar zukua goxoa zegoen. Ondo lo egin. Gaurkoa egun luzea izango da guretzat. Lau ordutako bidaia daukagu aurretik. Aspaldi Ainhoarekin egon gabe eta gustura goaz berbetan. Bera ere urduri dagoela esaten dit eta gau txarra pasatu duela. Alde batera eta bestera. Ohean bueltaka. Ea dena ongi ateratzen den. Ea nola dagoen. Ea bidaia zer moduz. Donostira arte behe laino artean goaz, baina ez dago inolako trafikorik. Ondo. Altzan geldialdia egin eta Asierren kotxean abiatzen gara. Ez dugu Asier ezagutzen, baina berehala hasten gara elkarren ezagunei buruz hitz egiten. Euskal Herria txikia dela esan eta amankomunean lagunak ditugula ohartzen gara. Bakoitzaren bizitzari buruz mintzatzeko denbora ere hartzen dugu. Haizea, Ainhoa eta hiruok ikasketak elkarrekin egin genituela kontatzen diogu Asierri. Gradua bukatu ostean, Ainhoa baserri batera joan zen bizitzera. Nik doktorego tesia egiteko erabakia hartu nuen. Haizeak, aldiz, Euskal Herria askatzeko autua egin zuen. Hamalau urte daramatza lau hormen artean. Ea nola aurkitzen dugun gaur. Udan jaso nuen eskutitzean azkenaldian mugitua zebilela kontatzen zidan. Bost ordu ematen ditugu kartzelan berarekin. Asierrek kafe makinan txanponak sartzen dituen bitartean, bere laguna den Lur ezagutzen dugu. Bere alabari buruz hitz egiten digu. Bere bizitzako motorra. Hauspoa. Indarra ematen diona. Ondorengo orduak Haizearekin ematen ditugu. Atzo egon izan bagina moduan. Bilboko kafetegi batean bageunde bezala. Haizeak beti bezain ameslari jarraitzen du. Bere barneko desirak egia bihurtuz. Atzera begiratu gabe. Beti aurrerantz. Beraien baratzeko lore sorta bana oparitu eta bagoaz. Hurrengo arte. Sentimendu nahasiak. Poztasuna eta tristura. Galdera bat bueltaka buruan: Noizko Ostiral Santuko akordioa Euskal Herrian?