“Polimaitasuna” (Eva Perez de Albeniz)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Polimaitasuna” (Eva Perez de Albeniz)
ETA KITTO 2019, Urr 22

Leihotik parkera begira nengoela, aita bat ikusi dut bere seme-alabei errieta egiten. Aitaren haserrea makalekoa zen eta umeek azalpenak ematen zituzten apal-apal. Bronka arabieraz zen eta ez dut tutik ere ulertu, baina hitzen gainetik mezua argi ta garbi geratu zait. Bronka bat arabieraz edo euskeraz bronka bat da. Eta gainera hizkuntzaren doinua asko gustatu zait.

Aitortu behar dut hizkuntzak maite ditudala. Frantsesa maite dut oporretan auzokoek “bonjour” esaten didatenean, euskera maite dut nire amamak “Erdu nere altzora” esaten zidala gogoratzen dudanean. Chavela Vargas “Que te vaya bonito” abesten entzuten dudan bakoitzean unkitu egiten naiz. Eta semeei ingelesezko etxekolanak egiten laguntzean “listening”ek bizipoza ematen didate. Hizkuntza guztiak maite ditut.

Maitatzeari buruz ari naizela “poliamor” hitza etorri zait burura. Modan dagoen kontzeptua da. “Polimaitasuna” harreman afektibo edo sexual ireki bat da, non bi pertsona baino gehiagok parte hartu dezaketen, denak jakitun eta denak onartua. Maitasunak ez du derrigorrez pertsona bakarrarentzat izan behar, pertsona ezberdinen artean banatu daiteke kalitatea galdu gabe.

Lagunartean eztabaidatu genuen horri buruz eta ondorio batera heldu giñen: ez garela “polimaitasuna”praktikatzeko hezituak izan. Sortu daitezkeen egoera eta sentimenduak kudeatzeko ezgaitasuna daukagula. Maitasuna batentzat bakarrik izan behar dela ikasi dugulako. Eta batzuetan iruditzen zait hizkuntzekin gauza bera gertatzen zaigula, erakutsi digute bat bakarrik maite dezakegula, gurea sentitzen duguna, denak batera maitatu beharrean.

Belaunaldi gazteak polimaitasuna eta polihizkuntza ekarriko dizkigute, maitasuna oparoa dela sinisten hasi beharko dugu.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »