Eva Perez de Albeniz
Eva Perez de Albeniz

"Seinaleak"

2018/06/17
Badira pertsona batzuk seinaleetan sinisten dutenak. Eguneroko gertaerak ez direla halabeharrezkoak edo kasualitatearen fruitu, baizik eta erlazionatuta daudela eta mezu bat bialtzen digutela. Bizitzak keiñuak egiten dizkigula alegia, eta adi bagaude lagungarriak izango diren pistak lortuko ditugula gure bidea aukeratzerakoan. Esoteriko samarra irudituko zaizue baina nik aitortzen dut praktikatzen dudala. Nere urtebetetze eguna pasa berri da, 46 urte bete ditut, eta zenbait seiñale jaso ditudalakoan nago. Hiruzpalau aste direla, Jesus, idazteko afizioa daukan nire ikasle ohi batek, bere idatzi batzuk bialdu zizkidan nik irakur nitzan. Asko ziren baina bazegoen idatzi horietan bat nire arreta kateatu zuena, “El otro” izenburua zeukan. Bertan, gaur egun hirurogeitaka urte dituen Jesusek, bere bizitzaren balantzea egiten zuen eta konforme zegoen bai (“moderadamente feliz” ziren bere hitzak), baina gaztetan zituen hainbat amets bidean laga zituela azpimarratzen zuen. Urteak urte, amets horiei ekiteko garaia zela zihoen. Bazkalostean kafea hartzeko ohiturarik ez daukat baina hereñegun hala egin nuen, ireki berri duten taberna bat estreinatzeko asmoz. Eta hara non aspaldian ikusi gabeko lagun batekin topo egin nuen. Momentu latza bizitzen ari zela kontatu zidan, lan ona, soldata ona baina... depresioa zela, antsietatea zela, kontua da lanerako ilusioa galduta zeukala eta bere bizitza reseteatzeko beharra sentitzen zuela. Orduan beste lagun bat etorri zitzaidan gogora, maitasuna bukatu zitzaion honi eta egun batetik bestera bizitza osoko bikotea lagatzea erabaki zuen. Seinale hauen lotura bilatzen ari naiz, zein da bizitzak bidaltzen didan mezua. Keiñu garbia da: inoiz ez da berandu bizitzari irauli bat emateko, proiektu berriei ekiteko. “Moderadamente féliz” hori nahikoa ote den gure buruari galdetzeko.