“Uda on” (Pedro Alberdi)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Uda on” (Pedro Alberdi)
ETA KITTO 2020, Uzt 24

Zaldibarko zabortegiaren luizitik bost hilabete eta erdi bete diren honetan, ez dago berririk bertan desagertutako Alberto Sololuze eta Joaquin Beltran beharginei buruz, eta itxaronaldi makur honetan, gero eta gehiago gara hondamendiaren kudeaketan kontraesanak ez ezik irregulartasun nabarmenak daudela aldarrikatzen dugun herritarrok.

Bien bitartean, berriz, hauteskundeak izan dira Euskal Autonomia Erkidegoan. Gauzak ez omen dira asko aldatuko, baina aipatzekoa da agintaritzako bi alderdiek, arinki bada ere, botoak galdu dituztela zabortegiaren muga-herrietan, hau da, Eibar, Elgeta, Zaldibar eta Ermuan. Datu esanguratsua, inondik ere.

Bestalde, hondamendiaren kudeaketak ez digu lasaitasun handirik eskaintzen, eta ez bakarrik Alberto eta Joaquinen gorpuek oraindik zaborpean segitzen dutelako. Hauteskunde aurreragoxe horretan, adibidez, honako albiste kezkagarriarekin esnatu ginen: “Verter Recycling enpresak zabortegia handitzeko baimena eskatu dio Eusko Jaurlaritzako Ingurugiro Sailari eta honek onartu egin du haren eskabidea. “Baina nola? Hondamendia eragin zuten berek auzia zuzendu? Nork sinets lezake halakorik? Sándor Márai idazle hungariarraren hitzak datozkigu gogora, estalinismoaren aparatuko burokraten gainean eskribitutakoak: “Piromanoa ezin da suhiltzaile bihurtu, lapurra polizia edota hiltzailea zirujau bihurtu ezin den bezalaxe. Eskarmentuak erakusten dit haiek berresteko saio guztiek porrot egiten dutela, gizaseme horiek ezin baitute berezko grina gaiztoa luzaro ezkutatu”.

Dena den, arazoak arazo eta aldarrikapenak aldarrikapen, bizitzak aurrera jarraitzen du. Leku pribilegiatuan bizi gara, hala klima eta tenperaturaz, nola mendi eta itsasoko paisaiaz. Askok, gainera, oporrak dituzte. Uda on, irakurle.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »