“Zinemaren paisaia itxaropentsua” (Koldo Edorta Carranza)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Zinemaren paisaia itxaropentsua” (Koldo Edorta Carranza)
ETA KITTO 2021, Ira 17

Aurten posible izan da udako gauetan kaleko zinema antolatzea, eta zazpigarren artea ohiko tokietatik kanpo hedatu da berriro. Euskal zinemak ere ez du huts egin: Ane, Akelarre eta Erlauntza ekoizpenak izan dira aurtengo bertoko ordezkariak. Gainera, azken egunotan aretoen edukierari buruzko erabakiek Zinemaldia nolabaiteko berme ekonomikoarekin egitea ahalbidetuko dute. Hala eta guztiz ere, paisaia itxaropentsu honek nekez iraungo du bere horretan ikusleria ez bada pelikulak ikustera animatzen. Osasun-krisiak askoren ohiturak errotik aldatu ditu, eta oraindik badira antzokietara hurbiltzeko beldur direnak. Dena den, ez da bidezkoa publikoa erruduntzat jotzea, ezin delako ahaztu gure jokamoldean eragin sakona izan duen garaia bizitzea egokitu zaigula. Horregatik, erakundeen eta sortzaileen arteko elkarlana ezinbestekoa izango da euskarazko zinemagintzak azkenaldian erakutsi duen kalitateari eusteko. Inoiz baino beharrezkoagoak izango dira urteroko hitzorduak, hala nola Durangoko Azoka edota Euskal Zine Bilera. Bestalde, hemen ekoiztutakoa lau haizetara zabaltzen jarraitu behar da Kimuak bezalako egitasmoen bitartez. Esandakoagatik guztiagatik, denok jarri beharko dugu gure aletxoa tokiko zinemaren iraupena ziurtatzeko, bakoitzak ahal duen neurrian. Merezi du pantaila handien argia piztuta mantentzea negu hotza heldu bitartean.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »