“Zuloan” (Amagoia Gomez)

0    Iritzia 
ETA KITTO ETA KITTO
“Zuloan” (Amagoia Gomez)
ETA KITTO 2019, Urr 22

Ezin dugu ukatu zulo batean bizi garenik. Zulo ilun batean. Egunaren zatirik handiena itzaletan pasatzen dugu. Haran batean eraikia izan zen gure herria. Zulo zuloan. Hor. Eibar. Iluntasun horrek, aldiz, aukera asko ematen dizkigu, batez ere orain, batzuen zoritxarrerako baina gure bistaren mesederako pinudiak desagertzen ari diren momentu honetan. Mendiz inguratuak bizi gara. Naturaz. Berde kolorez. Unbetik Galdaramiño, Barakaldo kaletik Santa Kurutz, Txontatik Karabieta, Pausuetatik Arrate, Arrajolatik Urko, Usartzatik Akondia, Garagoiti, Kalamua…Parajea ikusgarria da. Apur bat igo eta gure ingurua begiratzea besterik ez dugu. Zoragarria. Hala eta guztiz ere, askotan iruditzen zait kobazulo batean bizi izango bagina bezala jokatzen dugula. Zulotik irten eta urrutiko lurraldeetara joatearekin amesten. Mendi altuenak eskalatzeko. Leku entzutetsuak bisitatzeko. Hegazkina hartu eta paradisua aurkitzeko. Horrela da, ezta? Erronka bat planteatzen dizut. Igo zure auzoko menditxo horretara eta ireki ondo begiak. Hartu zure denbora. Ez daukazu inolako presarik. Etxe ondoan duzun altxor txiki horretaz disfrutatu. Daukagunaren apologia apur bat egin dezagun. Eibarren hondartzarik ezin dugu topatu, baina duguna baloratu dezagun. Itxaron. Beste erronka bat proposatuko dizut! Zer irudituko litzaizuke gure herriko erreketan gure aitona-amonen garaian bezala bainatzerik balego? Hori lortzea ere ez da horren zaila. Baietz lortu! Zaindu maite duzun hori.

Gaiarekin zerikusia duten albisteak

« »