Unai Artetxe
Unai Artetxe

"1,5"

2017/05/19
Gustuko dut atzera begiratu beharrik izan gabe aurrera egitea. Batzuetan norabide jakin batekin, beste askotan, helmugarik gabe. Baina beti aurrera. Egia da bideak berak behartzen zaituela alde batera edo bestera egiten, zuzen joatera edo bihurgunea ezkerrera edo eskuinera hartzera, baina zu zeu zara, hein handi batean, nola eta nora jo eranakitzen duena. Norberak ezartzen du bere erritmoa, mantsoago edo bizkorrago, baina ezinbestekoa irizten diot beti aurrera egiteari. Bizitza hortan datzalako. Geldi egoteak ezer onik ekartzen ez duelako.
Beldur gehiegi ere ez duen pertsona naizela esango nuke. Baina nire esku ez dauden gauzak ardura puntu bat ematen didate. Atzetik zer datorkidan ezin ikusteak, adibidez, ikara ematen dit. Iruditzen zaidalako gibeletik datorren horrek nire norabidea nik nahi gabe desbideratu dezakeela. Nire begiek ikusi ezin duten hori ihesbidea mugatzen didalako.
Uste dut honetan aritzen garen guztioi pasa zaigula behin edo behin. Haur baten irribarre inozentearekin etxetik irten, bideari tentu handiz ekin eta auto, kamioi edo autobus batek gure eguneko jarduna zapuztea. Eta egunekoa bada soilik, gaitzerdi!
Gidari lagun, ez ezazu aurrean duzun txirrindulari horren bidea oztopatu. Zu bezala, txirrindulari horrek helmuga bat duelako. Zu bezala, aurreratu behar duzun hori pertsona delako, bere ilusio eta beldur berdinekin, bizitzaz gozatzen jarraitzeko zure eskubide berarekin. Errespeta itzazu 1,5 metroak. Atzera bueltarik ez dagoelako.