Arantza Alvarez
Arantza Alvarez

"50ekoen krisia?... bikote harremanean"

2017/02/03
Beti hitz egin izan da 40koen krisiaren inguruan. Gauza da gaur egungo 40 urteak ez direla garai batekoak bezalakoak. Krisi ospetsu hori, izatekotan, 50 urtekoek jasaten dute gaur egun. Zer gertatzen da bizitzaren sasoi horretan? Alde batetik, aldaketa fisiologiko zein fisiko garrantzitsuei egin behar izaten diegula aurre -hor daude menopausia eta andropausia- eta bai emakumeek eta baita gizonezkoek ere gorputz eraldaketaren aurrean izaten garela.
Bestalde, seme-alabak badira tartean, beharbada nerabezaroa eta helduen bizitzaren hasieraren arteko adinetan izango dira (10etik 20 urtera arte). Zainketa papera alboratzen doan moduan, gazteak autonomia joango dira irabazten eta euren bidea hasiko dira topatzen. Hustutako kabiaren egoeraren aurrean gaude.
Bikote-harremanaren aurrean bagaude, horrek nerabezaroan izan dezake hasiera. Elkarrekin 20tik 30era urte arteko tartea egin dituzten bi pertsonen aurrean gaude. Euren bizitzako zati gehiena seguruenik bien arteko proiektua eraikitzeari eskaini diote (seme-alabak, pisua, autoa, lana...) dedikazio handia eskatzen zien etapan.
Aipatutako proiektu horiek bideratuta egon daitezke 50 urteren bueltan... Eta orain zer? Bikotea aurrez-aurre aurkitzen da berriro, eta askotan euren artean partekatzeko gutxi duten bi ezezagun besterik ez dira. Bikote-krisi asko ematen da adin horretan. Orduan argituko da harremana zaindu den eta denborari egonkor eutsi dion, edo hartutako bideak aldendu diren eta familia egoerari eustearren zeuden lotuta faltsuki.
Gainera, etorkizunari begiratzen zaio. Aurretik beste 30 urte geratzen direla kalkulatzen da, 20 bat ederrak izan daitezkeenak... Zer egin denbora horrekin?
Bilatzen dugun etorkizuna, baina, gaurtik goaz eraikitzen. Elkarrekin 30 urte bizi ditugunean 50era heltzerakoan gure harremana sendoa izatea nahi badugu, berehala berreskuratu beharko ditugu indarrak. Ahaztu barik guraso, behargin, familiako, lagun... izateaz gain, gure bikotearen bikote ere bagarela.
Gomendioa: "Los puentes de Madison" filma