Iker Aranberri
Iker Aranberri

"Altsasu"

2017/07/14
Asko dira gurean justiziaren bidegabekeria
Larriak sufritu dituzten euskal herritarrak, eta
Tamalez egunotan beste kasu bat ezagutu dugu,
Suminez eta saminez bete gaituena:
Altsasuko zortzi laguni 375 urteko zigor
Soberazkoa eta neurrigabea, 2016. urteko
Urrian herri hartako taberna batean izandako
Kalapita malapartatu bat dela-eta.
Orain ezagutu dugu fiskaltzaren eskaera,
Amesgaizto okerrenean ere irudikatzea
Kasik ezinezkoa egingo litzaigukeena.
Astakeria hau normaltzat hartzen duenik bada,
Sarri gertatzen den bezala, orain ere
Kaiku eta kirtenek ez dute inolaz
Aukera galdu iritzia eman eta ondorioztatzeko
Terrorismoa dela den-dena, eta horrela
Ulertu beharra dagoela gaueko
Ordu txikitan izandako liskarra.
Rajoyk eta enparauek diote justizia
Askea dela, independentea, alegia.
Indar politikotik bereizia, berme demokratikoa.
Nola sinetsi demokrazian ordea,
Mendeku kutsua duen zigor eskaera ikusita?
Urrutiko garaietako oihartzuna da hau,
Nahiz eta batzuek ikusi nahi ez duten,
Tira-biren sasoia atzean utzi dugu, eta
Aurrera begiratzeko ordua iritsi da.
Iraganetik ikasi, etorkizuna bakean eraikiz.
Aske nahi ditugu zortziak, etxean,
Ron botilaren inguruan dantzan,
Izerdia, odola eta negarra ahaztuz,
Kide, lagun eta senideekin auzoan, herrian.
Entzun ondo gazte, ondo aditu Altsasu:
Zuekin gaude beti, ez etsi, zutitu.