Iker Aranberri
Iker Aranberri

"Hau dena aldatu nahiko nuke"

2017/11/09
Bizitza honetan gehien gorroto dudan sentsazioetako bat da apatia. Motibaziorik ez edukitzearen edota ezer egiteko gogorik ez edukitzearen sentipen hori. Gorrotoa, gainera, lehen pertsonari eragiten dionean somatzen dut (alegia, ni neu sentitzen naizenean apatiko) baina baita gainontzekoen jarreran somatzen dudanean ere. Zerk zokoratzen ditu gure ilusioak eta motibazioak gure buruko bazter ilun eta hotzenetara? Beldurrek, agian? Konformismoak, apika? Alferkeriak, akaso? Bizitza ibai bat eta zu barruan murgilduta zauden norbait izatearen sentsazioa ezagutzen duzue? Apatian, ibaiak bere nahietara mugitzen zaitu, batera eta bestera, beti aurrera, zuk norabidea aldatzeko gaitasunik/gogorik/asmorik ez duzun bitartean. Bizitzak eramaten zaitu. Zure jarreran aldaketa bat eman behar da egoeraren jabe zu izan zaitezen, zure erabakiek zehaztu dezaten zure norabidea. Gure agintarietan ikusten dut nik orain apatia. Erosotasunak goxatuta, eta konformismoaren magalean, statu quo honen betikotzea bilatzen duten susmoa daukat. Eroso daude marko honetan, zertarako aldatu? “Hobekuntza” pilula txikiekin baretzen gaituzte (Ertzaintza Europolen sartu dute!), baina finean, egoera ia ez da aldatu azken hamarkadetan, autogobernuari eta subiranotasunari dagokienez. Apatiaren antonimoa da ekintza. Eta hain justu horixe da ikusi izan duguna Katalunian. Apatiari muzin eginez, kolpea eman dute mahai gainean. 1985ean Hertzainak taldeak zioen bezala, “hau dena aldatu nahi nuke” esanez independentzia deklaratu dute. Apatiari aurre egiteko lehenengo gakoa zerbait egiteko nahia edukitzea baita. Baina agian hemen ez da ezer aldatu nahi.