Imanol Magro
Imanol Magro

"Arazoa ‘sorioneku’-a balitz…"

2024/02/05

Azken asteetan zeresana eman du berriz Irulegiko eskuak. Fontes Linguae Vasconum aldizkari zientifikoaren azken alean hari buruzko hainbat ikerketa eta iritzi bildu dituzte. Hainbaten arabera, oraindik ere ezinezkoa da piezako testua euskararen ahaideren batean idatzita dagoenik baieztatzea. Alegia, ezin dela esan bertan idatzitakoak euskararekin harremana duenik, baina ezta aurkakoa ere. Finean diote gehiago ikertu behar dela, eta ikerketa zientifiko zehatzen erritmoa eta egungo gizartearena oso ezberdina dela.

Harritu nau ikusteak ondorio horrek sasiarkeologo bat baino gehiago sumindu duela sare sozialetan. Besteak beste, Nafarroaren bihotzean eginiko aurkikuntzak sortu zuen poz orokorra pixka bat zapuztu duelako. Era berean egongo da iazko udan eskuaren irudiarekin erositako lepoko, belarritako edo elastikoa hilabete batzuetan jantziko ez duenik. Izan ere, euskal hiztun askok harrotasunez azaltzen dugu, batez ere udan kanpora goazenean, euskara Europako hizkuntza zaharrenetakoa dela, jatorri ezezaguna duela, isolatuta eutsi diola zabalkunde handiagoko hizkuntzen artean... Eta ez zaigu gustatzen mistika hori auzitan jartzerik.

Susmoa dut, baina, askotan arreta handiagoa jartzen dugula Kristo aurreko I. mendeko euskaran XXI. mendekoan baino. Sorioneku, sorioneke edo dena delakoa protoeuskara den edo ez baino garrantzitsuagoa da egungo erabilera datuei erreparatzea, eta azaleratu duten estankamendu/atzeraldi egoerari. Hala Eibarren nola Euskal Herrian. Ezagutza inoiz baino handiagoa den garaietan erabilera ez da hazten, eta ekuaziotik ume giroa ateratzen badugu, argazkia are itsusiagoa da. Eta bide horretan ez ditugu lagun izango ez epaileak ezta erdaren aldeko apustu itsua egiten duten mota guztietako enpresak ere. Alegia, etorkizuneko euskarak iraganekoak baino gehiago arduratu behar gintuzke. Eta, bide batez, utz diezaiegun paleolinguistei bakean lan egiten.