"Errepideak espaloi bihurtu arte"
Ez dut nire burua ezkutatuko, aldekoen lubakian nago. Calbeton kalean jaio izanak eta kale hori asteburuetan ixten hasi zirenean gure bizi kalitateak izan zuen hobekuntza ondo dut gogoan. Are gehiago, ez dut ulertzen zergatik oraindik ere mugatzen den bakarrik asteburuetara. Badakit Eibarren kaleak oinezkoentzako bihurtzea ez dela erraza, Alde Zaharrik ez izatearen, autobus geltokiaren kokapenaren eta errepideekiko menpekotasunaren ajeetako bat da. Erraza ez izateak, baina, ez du ezinezko bihurtzen
Are gehiago, nire ustez peatonalizazio prozesuak ez lirateke erdi aldera eta asteburuetara bakarrik mugatu beharko. Auzoek ere ondo merezia dute arnasa. Asfaltoa espaloi bihurtu eta errepidea oinezkoen esku jartzeak bizi kalitateak hobetzen ditu, eta egungoak motz gelditzen dira. Amañan hasi, eta Ego Gainen behera Errebaleraino iritsiko litzatekeen espaloi handi bat ikustearen itxaropena ez dut inoiz galdu, eta bi Untzaga plazak bakarrean elkartuko lituzkeena.
Udal hauteskundeen bezperetan alkategaiek hiritarren eskaerak entzuteko bilerak antolatzen dituzte. Bada hemen doa nirea: ausardia eskatuko nieke kaleak oinezkoentzako bilakatzeko erabakietan. Aparkalekuak kentzeak beti ematen du beldurra, eta egon daiteke bere burua kaltetua ikusten duenik, baina beti lehenetsi behar da onura kolektiboa. Gainera, Euskal Herri osoan ia ez da kasurik egon, non hiritarrek atzera egin eta oinezkoentzako bihurtutako kalerik errepidera itzultzeko eskatu dutenik. Apustu segurua da.