Imanol Magro
Imanol Magro

"Iberdrolak mila euro ordaintzen baditu..."

2022/10/21
Azken bi asteetan behargin askorekin hitz egitea egokitu zait. Berria egunkarian hainbat lan gatazka jorratu ditugu, eta halakoetan beharginen baldintzak azaleratzea funtsezko informazioa da. Kazetaritza irakatsi zidanak zioen beti galdetu behar dela diruaren inguruan: Zenbat balio du? Zenbat ordaintzen dute? Nork irabazten du?... eta hala egin dut nik.

Hona hemen gaur egungo hiru soldata eredu erreal, zifrekin. Baga, Amazon erraldoi teknologikoak Bizkaian duen biltegiko langileek 1.040 euroko hamabost soldata jasotzen dituzte urtean. Biga, besteak beste SOS Deiaken, Jaurlaritzaren trafiko zerbitzuaren, Iberdrolaren, Kutxabanken eta Lagun Aroren telefono bidezko arreta ematen duten langileek mila euroko hamabi ordainketa jasotzen dituzte (12.150 euro urtean). Eta higa, SPRI, URA edota URA agentzia publikoen bulegoak garbitzen dituzten garbitzaileek lau orduko lanaldia dute eta 600 euro irabazten dituzte. Sinesten ez duenak lan hitzarmenak aise aurkitu ditzake Interneten.

Logistika edo telezerbitzu bezalako izen ponposoen azpian diharduten beharginak dira, irabazi handiko enpresentzat ari direnak asko, edota sailburu eta sailburuordeen bulegoak garbitzen dituzten emakumeak. XXI. mendeko lanpostuak dira, gero eta zabalduagoak, baina baldintzak ikusi baino ez dago atzerapausoa direla ikusteko. Ikerketek argi diote gizarte arrakalak gero handiagoak direla eta langileen erosketa ahalmenak behera egin duela azken hamar urteetan. Alegia, lan egiteak ez du pobrea izaten eragozten, ezta paparrean izen handia emanda ere.

Krisia konpondu nahi badugu, soldatetatik hasi behar da. Laguntza, bonu eta adabaki guztiak ondo daude, baina soldatetara jo behar da, hura da aberastasuna sozializatzeko modu eraginkorrena. Goian izendatutako enpresa eta erakundeek baldintzak hobetzeko aukera dute, eta herri itunak bili bolo dabiltzan honetan hori eragiteko akordio bat behar da. Izan ere, Iberdrolak mila euro ordain ditzala zilegi bada, malo.