Olatz Etxeberria
Olatz Etxeberria

"Arrakalak"

2017/10/20
Sofiak ez zuen bere etxea barrutik ezagutzen. Bere mundutik at nahi zuen beste irteten zen, beste errealitate batzuk ikasteko, baina etxeko tripak ez zituen inoiz ikusi, beste guztiok bezala. Filosofia ulertu genuen askok berarekin, eskerrik asko denagatik Sofiatxo. Baina arratsalde euritsu hartan zerbait ezberdina ikusi zuen bere logelako arrakalan. Ohituta zegoen paretako “fisura” ikusten, baina lo kuluxka egin eta gero, begia zabaldu bezain pronto, arrakala handitzen zihoala nabaritu zuen. Indar batek erakarrita bere oinek arrakalako bidea hartu zuten, ez zuen nahi ohetik mugitu, baina ezin zituen pausoak gelditu. Bat-batean, arrakala gurutzatzen ikusi zuen bere burua. Etxeak irentsi zuen. Ez zegoen bere filosofia mundu barruan, baizik eta bere etxe barruan. Arrakalak beheko solairurako bidea hartu zuen eta jausi egin zen. Ez zegoen lekurik etxeko horma barruan, zirrikitu txikia zen, baina nahikoa bere gorputz gaztea bertatik mugitzeko. Baina arrakalak beherantz jarraitzen zuen, eta etxeak ez zituen solairu gehiago. Orduan, lur azpian sartuta zegoela jakin zuen satorra balitz bezala. Noiz geldituko ziren bere oinak? Norbaitek geldi dezala mundua eta lurra!

Zer gertatzen zitzaion bere etxeari? Euriek lurra mugitu eta eraman zuten, kobazulo txikia eginez bere etxe azpian. Ai ene! Lurrak bere etxea irentsiko zuen eta bera barruan zegoen. Gora begiratu nahi zuen, baina ezin zuen lurraren pisuaren kontra indarra egin, beherako bidea jarraitu behar zuen. Halako batean haize bolada bat igarri zuen bere aurpegian, haizea dator, nondik baina? Arrakalak irteera bat zuen azkenean! Irteera, baina nora? Oinek erritmoa indartu eta argia ikusten hasi zen. Arrakalaren amaiera zen, azkenean aurkitu zuen irteera, zelako poza!

Kanpoan zegoela bere etxeko teilatua besterik ez zuen antzeman, lurrak etxea irentsi zuen.