Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"HIESa sendatzetik gero eta hurbilago"

2018/11/13
Azken aste hauetan, berri itxaropentsuak jaso ditugu Hartutako Inmuno Eskasiaren Sindromearen (HIESa) inguruan. Izan ere, Bartzelonako Sida IrsiCaixa eta Madrileko Gregorio Marañon Ospitaleak elkarrekin burututako ikerketan batean, 5 gaixori HIES-aren gordailuen murrizketa sakona egitea lortu dute.
HIESa birus batek sortzen du. Honek gaixotasunei aurre egiteko sistema osatzen duten zelulak suntsitzen ditu, gorputzak infekzioen aurka aritzeko duen babesa galduz. Gaur egun, HIES-a tratatzeko sendagai antirretrobiralak erabiltzen dira, birusaren biderketa ekiditen dutenak, gorputzeko birusaren kontzentrazioa maila baxu batean mantenduz. Baina birusa gai da gordailu bezala era latentean ezkutatua mantentzeko, hau da, biderkatzeari utzi eta itzalita egon daiteke urteetan zehar, eta nahi duenean aktibatu eta berriz ere biderkatzen hasi daiteke. Honen harira, gaur egungo ikerlarien itu nagusiena birusaren gordailu latente horiek guztiz suntsitzean datza, gaixotasuna sendatu ahal izateko.
Ikerketa honetako pazienteek, HIESaz aparte, odoleko gaixotasun ezberdinak pairatzen zituzten, kimioterapia bidez tratatu zirenak inongo emaitzarik gabe. Azken saiakera bezala, hezur muineko zelula amen transplante bat egin zitzaien, odoleko gaixotasuna sendatuz eta, era berean, HIESaren birusaren gordailuak erabat murriztuz, sei gaixoetako bosteri.
Ikerlarien esanetan oraindik goiz da HIESa sendatu dutela adierazteko, prozesu osoan zehar gaixoek tratamendu antirretrobirala hartzen jarraitu dutelako. Ondorioz, ikerketaren bigarren zatia, tratamendu hori kendu eta oraindik ere birusa agertzen ez den egiaztatzea da. Bestalde, ikerketan parte hartutako gaixoen egoera berezia ere aztertu beharra dago, odoleko gaixotasunak zituztelako HIESaz aparte. Beraz emaitza hauek HIESaz soilik kutsatutako beste gaixoei nola helarazi ere argitzeke dago, nahiz eta lortutako aurrerapenak oso esanguratsuak diren birusaren aurkako estrategia bat garatzerako orduan.

Albistean gehiago sakondu nahi duenak,  “Annals of Internal Medicine” aldizkari  zientifikoan eskuragarri du artikulua  (DOI:10.7326/M18-0759). Jo beti jatorrizko iturrietara, hainbat komunikabidek gaiaren  inguruan gaizki-ulertu asko sortu dituzte eta!