Iratxe Gimenez
Iratxe Gimenez

"Beldurrak"

2017/11/13
Azaroa hilabete ona da beldurra aisialdi modura sentitzea maite dugunontzat. Beldurrezko filmak estreinatzen dira eta komunikabideetan ere gaia  pil pilean dago.
Beldurra zerk eragiten digun galdetzean, erantzuna oso pertsonala izan daiteke baina nire ustetan badago oinarri kultural eta garaikide bat gure beldur izkutuetan. Eguneroko gertaerek horrela adierazten digute behintzat. Herrialde aberatsetan  zonbien telesailak ikusten ditugun bitartean, Malawin jendea erahil omen dute banpiroak zirela pentsatuz.  Drakula izan dugu mendebaldeko herrietan munstro eredua, herrialde asiatiko askotan paper hau emakume ileluze bat hartzen duen bitartean ( badirudi oroitzapen eta bizitzan pairatutako min guztiak ilean itsatsirik gelditzen direla euren kulturaren aburuz, horregatik andra hauen pelukeria falta).
Aurreko astean ezagutzen ez nuen beldur bat erakutsi zidan nire peora ondoan topatu nuen mezulari batek. Pakete baten zain nengoen eta niretzat zeozer ote zuen galdetu nionean ezetz esan zidan, ziria sartzeko asmoarekin,  ondoren, barre batekin itxaroten nengoena luzatuz. “Galdetu didazun moduarengatik bromatxo bat egiteko aukera ikusi dut eta ez dut galdu”, esan zidan, ”eta hemen, Eibarren dagoen jendearekin, ez da erreza txantxetan ibiltzea”. Azalpenak eskatu nizkion. Nire eibartar zilborrak ez zuen ondo jaso kritika.
Goierrikoa zirudien gizon honek  Eibar mezularien artean oso ospe txarra duela esan zidan. Ez omen dugu pazientzarik eta oso gaizki erantzuten ditugu langileak. Jarrera honi aparkatzeko zailtasunak gehitzen badizkiogu, laneko edozein dei arina askotan berotzen zela aitortu zidan.
Elkarrizketa bukatu zenean irripar gazi gozo batekin agurtu nuen… eta beldur hau, eibartarroi mezulariek diguten ustezko beldur hau, langile honen ikara pertsonaletako kajoian gordeta  izatea nahiko nuke, eta ez beldur konpartituenetan.