Iraia Muñoa
Iraia Muñoa

"Belztu segurtasunez!"

2017/07/10
Badakit eguraldi honek apur bat zoratuta gaituela, baina uda betean gauden honetan, gutxi geratuko dira herrian oraindik ere hondartza zapaldu gabe. Ba jakizue, Massachusetts Hospitaleko ikerketa talde batek aurkitu duenaren arabera, laster ez dela beharrezkoa izango eguzkipean ordu luzeak pasatzea gure gorputzak belzteko.
Orokorrean eguzkitan gaudenean gure larruazaleko zelula batzuek, melanozitoek kasu, melanina gehiago sortzen dute azalari pigmentu ilunagoa emanez. Baina ez hori bakarrik, melaninak izpi ultramoreetatik ere babestu egiten gaitu. Denbora luzez eguzkitan egoteak ordea, izpi ultramoreek gure azala erretzea dakar, ondorioz, azaleko zelulen material genetikoa kaltetuz. Honek mutazioak sortu ditzake larruazaleko zeluletan, kontrol gabe haziko lirateke azkenik tumorea sortuz, eta beraz, azaleko minbizia.
Lehen aipaturiko ikerketa taldeak melaninaren sortze prozesua handitzen duen molekula bat topatu du, SIK inhibitzaileen familiako molekula bat. Lehendabizi laborategi mailan erabili dute, melanozito zelulen kultiboari molekula hau gehituta, melanina gehiago sortzeko gaitasuna duela erakutsiz. Ondoren, molekula hau kremazko tratamendu bihurtuta, saguetan frogatu dute. 7 egunetan zehar krema aplikatuz, saguen azalaren iluntzea nabaria  dela diote, eta ez hori bakarrik, tratamendua amaitu eta 40 egunetara, azalaren kolorea oraindik ere antzematen dela. Azken proba bezala, molekularen erabilera giza azalaren ehun zatietan frogatu dute. Kasu honetan ere, 8 eguneko tratamenduaren ostean azalaren pigmentazio maila areagotu egiten dela ikusi dute.
Aurkikuntza hau esanguratsua da, era berean azala belztu eta eguzkiak sorturiko izpi ultramoreetatik babestuko gaituen krema sortzeko aukera ematen duelako, era berean azaleko minbizia ekiditeko tresna berri bezala erabiliz. Hala ere, produktuaren segurtasuna frogatzeko lan ugari dute ikertzaileek, gure supermerkatuetan belzteko krema osasungarri hau ikusi aurretik.
Albistean gehiago sakondu nahi  duenak, “Cell Reports” aldizkari  zientifikoan eskuragarri du artikulua (DOI:10.1016/j.celrep.2017.05.042).