Arantza Alvarez
Arantza Alvarez

"Berriro irailean"

2017/10/03
Berriro ere iraileko egunerokotasunean buru-belarri sartuta gaude. Eskolara buelta, lanera buelta. ikasketetara buelta...
Agian oporretan ohikoa baino denbora gehiago pasatu dugu gure bikotekidearekin. Izan ere, agian eguneko 24 orduak pasa ditugu bere aldamenean, jende gehiago edo gutxiagorekin, baina biok elkarrekin. Askorentzako opari bat izan daitekeen egoera hau (mugarik gabe elkarrekin egoteko astia izatea, eta, gainera, aisialdi tartea izatea), beste batzuentzat suzko froga izan daiteke. Errazagoa da krisialdi bati aurre egitea bikoteak egunerokotasunean elkarrekin egoteko denbora gutxi baldin badauka. Zerbait gaizki badoa, oso konplikatua izan daiteke egunero hainbeste ordu elkarrekin egotea.
Elkarrekin denbora gehiago egoteaz gain, jarduerak antolatu behar dira, nora joan eta zer egin adostu, agian tartean haurrak daude... Norbaitekin ondo gaudenean hori guztia erakargarria da erabat, baina txarto gaudenean nekagarria izan daiteke. Sarritan, bikotea krisian dagoenean, jarrera gero eta indibidualistagoa bilakatzen da eta bakoitzak bere onura besterik ez du bilatzen. Hau da, bakoitzak berea egiten du eta ez du ezer egiten bestearentzat atsegingarri izateko. Pazientzia  amaitu egiten da eta baita konplazientzia ere.
Arrazoi horiengatik bikote asko aurretik baino krisi sakonagoarekin buelta daitezke oporretatik. Harremana probatu egiten da eta beti ez da ondo ateratzen.
Garrantzitsuena normalean daukagun bizimodua da, eta ez oporraldi labur batean daukaguna. Baina, aldi berean, egia da egun gutxi horietan ikus daitezkeela harreman batean gertatzen eta hondatzen ari denaren seinaleak.
Oporraldian asko eztabaidatzen baldin bada, zer gertatuko da eguneroko eroaldian? Oporretatik itzultzea gure harremanaren gaineko gogoeta egiteko unea izan daiteke.
Filmak: “Turist” (“Fuerza Mayor”) edo “By the Sea” (Frente al Mar”)