"Depresioa"
Aurreko astean, urtarrilak 13, depresioaren aurkako nazioarteko eguna ospatu zen. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, 2050ean depresioa izango da herritarren osasun-arazo nagusia.
Azken bi urteak agertoki aproposa dira depresioa azaleratzeko, hazteko eta garatzeko. Kontaktu sozialaren murrizketa, isolamendurako joera, kutsatzeko beldurra, musuen eta besarkaden murrizketa, ezkortasun-giroa eta neke orokorra dira “bolada txar bat” nahasmendu depresibo bihurtzen duten faktoreetako batzuk.
Edonork jakin dezake zer den depresioa. Baina normalean jendeak ez daki ikusten den lehenengo gauza ez dela beti tristura izaten. Haurrek, adibidez, pasibotasuna, asperdura eta energiarik eza adieraz dezakete. Ez da ohikoa haur deprimitu batek triste dagoela esatea. Gutxiago jokatuko du, agian ez du goserik izango, inaktiboago egongo da, agian obedienteago edo otzanago, beharbada oharkabean pasatuko da klasean. Haurretan tristura ez sentitzeko modu bat hiperaktibo egotea izan daiteke, alegia, mugimendua lasaigarria eta autoerregulazio modu bat izan daiteke.
Zaila da sozialki aktiboa den edo jarduera asko egiten dituen pertsona bat deprimituta dagoen norbaitekin lotzea. Ohikoa da, halaber, nerabe batean depresioa pasibotasunarekin eta alferkeriarekin nahastea.
Kontua ez da Osasun Mentaleko aditu bihurtzea, baina sentikorrak izan gaitezke eta nola nagoen, zer sentitzen dudan eta zer behar dudan behatzeko ariketa bat egin dezakegu. Eta ingurukoekin ere sentibera izatea, beharrezkoa izanez gero, profesional batengana hurbiltzeko, hitz egiteko eta harekin kontsultatzeko. Mezua da: "Ez zaude bakarrik". Zaintza-ariketa bat da, komunitate gisa egin behar duguna, ez dezagun ahaztu komunitatearen deskonexioa zalantzazko patu batera joatea dela.