Prozesu obsesiboa
“Obsesionatzen ari naizela uste dut”, ziurrenik guk inoiz esan dugun edo beste pertsona bati entzun diogun esaldia da.
Obsesioa pertsona bakarrik sentitzen denean edo/eta bakardade sasoietan agertzen da. Bakardade-sentsazioak eszenatokia errazten du fantasia errepikakorrak, beldurrak, oroitzapenak eta amaitu gabeko egoerak birsortu daitezen, egiteke edo amaitu gabe dagoen zerbait konpontzeko ahaleginean.
Pentsamendu obsesiboak erlazio falta baten ondorio dira. Paradoxikoa da pentsamendu horietako edukien protagonista funtzionatzen ez duen harremana izaten dela: gure buruan norekin borrokatzen garen, norengandik defendatzen garen, norekin hitz egiten saiatzen garen… Ezaugarri nagusia da harremanak funtziona dezan saiatzen garela etsi-etsian.
Prozesu obsesiboa martxan jartzen den bitartean, geure buruarengan zentratuegi gaude eta ezin ditugu besteekin harreman onak izan. Norbaitekin egon, baina bere konpainiarekin ezin gozatzea bezalakoa da. Une horretan, obsesioa “lagun ikusezin” bihur daiteke. Energia asko kontsumitzen duen eta hemen eta orain bizitzea eragozten duen laguna.
Obsesionatzeko joera duenak espontaneoa izateko eta orainaz eta intimitateaz gozatzeko gaitasuna galtzen du. Bromatan aritzeko eta erlaxatzeko arazoak ditu. Oro har, pertsona zerebralagoak dira, eta perfekzionistak izateko joera dute. Arlo intelektualean erosoago sentitzen dira emozioak sentitzen baino, agobiatuta, gaindituta eta kontrolik gabe sentitzeko beldurra izaten dutelako. Pentsatzea ez sentitzeko estrategia bihurtzen da.
Obsesioa tratatu eta sendatzeko, obsesioak dituen esanahiak eta funtzioak eta obsesionatzean saihesten duguna xehatasunez jaki behar da. Zer saihesten ari naizen pentsatzea, zer saihesten ari naizen egitea, zer gertatuko litzatekeen energia beste nonbait banu. Obsesio prozesu batean murgilduta dagoen norbaiti ez obsesionatzeko esatea ezinezko bat eskatzea da. Lagundu egin behar zaio, bere barne-esperientzia xehetasunez ezagutu eta bere fantasien esanahiak argitzeko bezain segurua den harreman bat eraiki.