Oskar Arantzabal Iraeta
Oskar Arantzabal Iraeta

Eibar Nafarroa da

2024/07/08
Sarri baino sarriagotan entzun (eta esan) dugu eibartarrok ez garela ez gipuzkoar ez bizkaitar (edo, nahiago baduzue, ez bizkaitar eta ez gipuzkoar). Eta, hortaz, historiak zer dio? Zinez, nafarrak garela.
 
...eta kitto!-k gabon inguruan banatu zuen “Eibarko Historiako Alkate Jaun Txit Gorenak” deritzon 2024ko komertzio eta zerbitzuen gidan, 677 urteko hiribildua pasartean, halaxe diosku:
 
Hiribildua sortu baino lehen, Ego ibarrean bazen burdinolen inguruan osatutako egitura administratibo bat, gaur egungo udalerrien eta are probintzien mugez gaindi. 
 
Gaztelako Alfontso XI.a erregeak foru gutuna eman zion 1346ko otsailaren 5ean Villanueva de San Andres de Heybar izenaz. Bertan, agindu zuen lekua jendeztatzea, harresiz ixtea, dorrez hornitzea, eta abar. (…) XV. mendean, biztanleria bost halako eta gehiago handitu zuen, itsasoari begira egiten zuen industria-jardueraren epelean”.
 
Horren aurretiko kontuak ordea bestelakoak dira. Elena Barrena Osoro historia katedradun eibartar peto-petoak, Arrate Kultur Elkarteak 1996an antolaturiko hitzaldian (osorik irakurtzeko: “Eibar 1346-1996.Ekarpen historikoak” Eibarko Udala-Eusko Ikaskuntza, Lankidetzan bilduma, 1999), besteak beste, zioskun San Andres elizaren inguruan bazela errotutako errealitate sozial bat, ziurrenik ordurako ehun urte zituena. Halatan, 1267an Gaztelako Alfontso X.ak Joan Lopez de Ganboa, Olasoko jaunari, “monastegiko” (sic) patroi kontzesioa egin zion (1292an alkate izateraino). Bertan XII-XIII. mendeko San Pedro erromanikoaren taila, Santiago bidearen lekuko.
 
Burdingintzarekin batera, artzaintza komunalistak Urkoren bi magalak bereizten zituen: behekoa, Markina de Yuso (Mallabia, Markina), gerora bizkaitarra, eta goikoa, Markina de Suso (Eibar, Mendaro, Elgoibar, Soraluze), gerora gipuzkoarra. Labayruren etimologian esanguratsua da “marra-egina” edo “muga txikia” zena. Errege nafar eta gaztelarren arteko gatazka etengabeak Ingalaterrakoaren bitartekaritza behar izan zuen eta, horrela, 1179an gaur egun Errioxan kokatzen den Naiaran bakea sinatu zuten. Bitxia da mendebaldeko lurrek Araba osoa hartzen zutela, Itziartik Durangoraino, inolako Gipuzkoa (edo Bizkaiarik) gabe. Gerora Aitzorrotzeko tenentzia osatuko zutenak (erdiguneko Ipuzcoa eta Hernani-Donostiarekin batera hirukotea osatuz, bibliografia lagungarria “Gipuzkoako historia nafarra”. Beñi Agirre, Nabarralde 2017). Ikus Antso Handiaren kontrolpeko lurrak hamaikagarren mendeko mapa honetan.
 
 
Iturria: “Atlas histórico de Navarra”. Eneko del Castillo, Pamiela 2016
 
Hortik aurrerakoak ezagunak-edo zaizkigu: 1200. urtean Gasteizko setio odoltsua burutu zen Gaztelako Alfontso VIII.aren aginduetara (Garibayen “adostutako” hitzarmenaren teoriaren aurka), 1212an berriz (Antso VII.a Indartsuak Navas de Tolosako guda musulmanei irabazi ondoren) Durangaldea sortu Bizkaiaren baitan, areagotu zuena Markina de Yuso eta Markina de Susoren arteko bereizketa. Eta, konkista progresiboarekin jarraituz, Nafarroa Garaia 1512an eta Lapurdi, Behenafarroa eta Zuberoa 1620an. Gaurdainoko zatiketa administratiboa hirutan.
 
Ez hain ezaguna ordea Nafarroako Antso VI. JakintsuaMadagalzaga” (gaurko Maltzaga) izeneko lurretara hurbildu zela 1165ean, hiru urte lehenago Iruñeko Erresuma izatetik Nafarroakoa izatera pasa zuena. Don Celinos de Unzueta, bere lehengusu oinaztarrak,  bazkari eta zezenketara gonbidatu zuen Irure auzora (ikus Irure Hamengua baserriko armarria: haritz nabarra, zezen, zakur… eta katebegiak. Soraluzeko Gabolats kaleko Arregia dorretxean ere are tamaina handiagoan. Plaentxiatarrak ere nafarrak!). Simancas (Valladolid, Espainia) aldeko Artxibo Orokorrean dokumentatua (non eta Sant Andres de Ehynbar izenekoan gertaturiko auzi bat ere dagoen) eta Ramiro Larrañagak aipatua bere “Soraluze-Placencia de las Armas. Monografía histórica (1970) liburuan.
Iturria: Irure Hamengua baserriko armarria. Sorapedia
 
Handik gutxira,  Donostia (1180) eta Getaria (1190 inguru) fundatuko zituen errege nafarrak. Gerora etorriko ziren Azitaingo Untzueta jauregia (1193) eta Arrateko eliza (XIII. mendeko bigarren zatian), itsasgizonen babesle (Deba eta Mutriku gertukoenak). Hemendik Azitaingo Jai Batzordeari gonbitea geure historian sakontzeko. Herri batek bere memoria historikoa ezkutatu eta baztertzen duenean, kolonizatua dago (batez ere mentalki). Gora sanferminak!