Oskar Arantzabal Iraeta
Oskar Arantzabal Iraeta

Nazionalitate ez zuzena

2024/11/22

Sarri baino sarriagotan entzun (eta esan) dugu euskaldunok ez garela ez frantses eta ez espainiar  (edo, nahiago baduzue, ez espainiar eta ez frantses). Duela gutxi arnas luzeko egitasmoekin datorren kultur elkarte bat sortzeko izapide telematikoak abiatu genituen euskadi.eus webgunearen erregistroan eta hara non, handik hamar bat egunera, gure harridurarako, zuzenketa errekerimendu hau jaso genuen, hitzez hitz: “Sustatzaile guztien nazionalitatea ez da zuzena”.

Hiru sustatzaile nagusiok, herritartasuna deritzon atalean, “Euskal Herrikoa” jarri genuen, itxuraz okerra dena ustez gureak diren erakundeentzat. Gureak diot bederen gure zergekin ordaintzen ditugulako.Oraintsu jakin berri dugu ESP dela zuzentzat hartzen dutena (zernahi delarik hori: ESPerpentoa? … edo, baikorrago izate aldera… ESPabilatu!)

Deigarria da oso azken bolada honetan zenbait aho ezagunetatik entzuten ari garen diskurtsoa utopia identitarioak (sic) alde batera uzteko. Espainiako loteria ez al da nazionala ba? Eta pasa ezin daitezkeen marra gorriak banderaren “piperpotearenak” edota “la Roja”renak gure selekzioarekin al dira? Benetan baztertu behar direnak supremazismo identitarioak dira, munduko historiaren garairik ilunenetara eramaten gaituztenak ezinbestean: inperioak, esklabotza, etab.

Benetan demokratak eta progresistak diren gertuko herrialdeetan, hala nola Suitza eta Belgika, ez dute konstituzio arrazistarik, bigarren mailako herritar eta hizkuntzak legez (beraienak, noski) inposatzen dituztenak. Egunotan Baionako epaitegiak isun ekonomiko bat jarri nahi izan dio euskaraz deklaratzea eskatu zuen herritar bati, giza eskubideak asmatu edo omen ziren estatu horretan…

Zorionez nazioa eta estatua ondo bereizten dituzte herrialde aurreratuetan, oro har pragmatikoagoak direnak. Pasaportearen auziaz harago, adibidez Alemanian hiritartasunaren kontzeptua darabilte, anglosaxoiek esate baterako nortasun agiriari ID (Identity Document) deritzote, inolako naziorik aipatu gabe. Hain zaila al da ulertzea NORtasuna NORberak erabakitzen duela, besteekiko NORabidearen errespetuan beti ere?