Arantza Alvarez
Arantza Alvarez

"Emakumearen irudia gizartean"

2016/09/30
Aurtengo zinemaldia amaitu berri da eta Donostiak izar asko hartu ditu egunotan. Horietako bat, Monica Bellucci, hilaren 18an izan zen Donostian eta ETB2ko Teleberrin horren berri eman zuten. Horraino dena normala. Deigarria iruditu zitzaidana albistearen tonua izan zen, horrelako zerbait esan baitzuten: “Monica Belluci, ederra ia 52 urterekin”. Ondoren bere lanari buruz hitz egin zen, baina albistearen muina daukan adinarekin zein ederra eta gaztea dagoen izan zen.
Gogaitu egin ninduen gehien azpimarratzen zen ezaugarria bere edertasuna izatea. Nahiz eta hori egia izan, ez dut uste beharrezkoa denik albistearen titularrean jartzea, hutsalagoa den zerbaiti horrenbesteko garrantzia emanez. Eta gogaitu egin ninduen, batipat egun berean Donostiara Hugh Grant iritsi zelako eta albistearen ikuspegia ez zelako inondik inola berdina izan. Bere lanari buruz egin zuten berba, baina ez zuten esan “56 urterekin ederto mantentzen dela”.
Monica Belluccirekin bere itxura azpimarratzen da, eta Hugh Grantekin bere alde profesionala. Zerbait inozoa ematen duen arren, modu horretan emakumeari apaingarriaren rol soziala ematen jarraitzen dugu; eta gizona da gauza interesgarriak egiten dituena. Eta ez digu atentzioa deitzen neurri handi batean normalizatua daukagulako emakumearen fisikoa epaitzea, eta gizonarena ez hainbeste.
Publizitatean, zineman eta umeendako ipuinetan, gure gizarteko adierazpen artistiko guztietan, gizonari historiaren protagonismoa aitortu zaio, eta emakumeari, aldiz, ikusle pasibo (eta ederraren...I papera.
Albiste honen muinak emakumearen fisikoa izaten jarraitzen badu, emakumeen kasuan garrantzitsuena eder eta gazte egotea dela transmititzen jarraitzen dugu. Beste guztia bigarren mailakoa da. Gizonen kasuan, aldiz, garrantzitsuena euren jarduera profesionala da.
Guztiak gara eragile hezitzaileak, gzartean denok daukagu hezitzaile papera. Denok daukagu ardura lan honetan eta ñabardurak oso garrantzisuak dira. Gauzak ez dira ematen duen bezain inozoak, eta horri buruzko kontzientzia hartu beharra daukagu.