Mikel Arrillaga
Mikel Arrillaga

Euskararen begi-lagunak

2026/03/27

Hilabeteak atertu gabe; euria zarra-zarra gehienetan, txingor mingarria sarri, eta alimaleko hotza: hezurrak ere harri bihurtzeko modukoa. Egun epelagoak ere grisaxkak eta goibelak, laino beltzek estalitako zerupean. Okerrena izaten da euriari edo kazkabarrari haize bortitz oldarkorrak laguntzen dionean. Ai orduan... Orduan alferrik aterkiak, goretexdun jakak eta enparauak; mela-mela eta blai-blai egingo gara putzuetan plisti-plasta ibili beharrik gabe. Asperdura eta nekea partida irabaztear daudenean, ordea, hara zer gertatzen den: leihoa zabaldu eta zerua urdin agertzen da, eguzkia epel, haizea goxo. Berehala betetzen ditugu kaleak, mendiak, hondartzak, tabernetako terrazak; tenteago ibiltzen gara, irribarretsu, bizipozak harrapatzen gaitu, ilusioak. Gehienetan, gutxi irauten du argiuneak, eta zaluegi itzuli behar izaten dugu denborale amaiezinen menera.

Gaur egun horrelaxe bizi da euskara; ekaitz eta erauntsi oldarkorren azpian galzorian. Kokoa beti prest zelatan; nondik erasoko, nola min egingo, arnasguneak arnas estutzen, hiztun gehienak gaztelaniaz erosoago, sare sozialetan eta pantailetan, oro har, galtzaile, eta bere aldeko konpromisoa inoiz baino apalago. Asperdura eta nekea partida irabaztear daudenean, ordea, hara zer gertatzen den: bi urtean behin, leihoa zabaldu eta Korrika agertzen da alai eta giro paregabean. Berehala betetzen ditugu kaleak, tenteago ibiltzen gara, irribarretsu, bizipozak harrapatzen gaitu, ilusioak. Furgoneta iristean, hunkiturik, lasterketan sartzen gara eta abestia kantatzen dugu, euskararen alde oihukatu, eta zirrara etengabean jarraitzen dugu antxitxika gorputz eta arima, erretiratu nahi eta ezinaren arteko borrokan. Une horietan lortuko dugula sentitzen dugu, denon artean Euskal Herria euskaldunduko dugula, alegia; ez dela Aekideon eta euskaltzaleon amets ero hutsa.

Igandean bukatuko da Bilbon aurtengo edizioa. Ederra izan dela esango dugu, hunkigarria... Aek-k lanean segiko du Euskal Herri osoan, lortutako diruari esker, baina beste neurririk hartu ezean, euskarak oso larri jarraituko du ZIUan. Zer egiteko prest gaude? Uste dut betaurreko moreak bezala, euskararen begilagunak jarri beharra daukagula, autokritika egin eta hausnartu zenbateraino eragin dezakegun nork bere esparruetan, beti ere hizkuntz-politika askoz sendoagoen babespean.